Getariak armarri berria edukiko du aurki, eta udalak informazio saioa antolatu du datorren asteazkenerako, herritarrei aldaketaren berri eman eta armarri berriaren ezaugarriei buruzko arrazoiak azaltzeko. Izan ere, armarri berriaren diseinua erabakita dago, baina diseinu beraren hiru aldaera daude mahai gainean, eta udalak nahi du herritarrek aukeratzea gustukoena. Horregatik, iritzia eskatuko die haiei otsailaren 7an, 8an eta 9an. Hiru proposamenak oso antzekoak dira, baina kolore konbinazio desberdina dute, eta hori da erabaki beharrekoa. Egitasmoaren harira, udalak ezohiko erabakia hartu du: 6 urtetik gorako getariar guztiek eman ahal izango dute iritzia, aukera gustukoena paperean jarrita.
Gaur egungo armarriarekin alderatuta, aldaketa handia eta, aldi berean, txikia proposatzen da. Batetik, gaur egungoak dituen elementu garrantzitsuenek –balea eta itsasoa– hor jarraituko dute. Baina, bestetik, heraldika arau zorrotzak beteko ditu armarri berriak, eta hala, gaur egun dituen irudi asko desagertu egingo dira; forma ere desberdina izango du beheko partean.
Herriko armarriaz azterketa egitea udalaren erabakia izan da, baina azterketa bera eta proposamena aditu batek egin ditu, eta ez nolanahiko adituak, gainera: Rosa Aierbe EHUko Zuzenbidearen Historiako irakasle titularra da, eta 2008an heraldikako Espainiako saria jaso zuen. Hark parte hartuko du, hain zuzen, asteazkeneko informazio saioan. Aierbek zehaztutako ezaugarriak dituen armarriaren diseinua, berriz, Getariako bizilagun batek egin du: Eneritz Tirados diseintzaile grafikoak.
Xehetasun bati tiraka
2023an Euskaltzaindiak Getarian egin zuen ekitaldi baten ondorioz hasi zen Getariako Udala herriko armarria gainbegiratzen, Haritz Alberdi alkateak azaldu duenez. Ekitaldi hartan, Euskaltzaindiaren zutoihalaren ondoan, Getariako estandartea jarri behar zen; estandarteak, ordea, gaztelaniaz idatzitako hitzak zituen, eta, udal ordezkarien iritziz, ez zen egokia herria irudikatzeko ikur nagusia gaztelaniaz egotea. Hala, hitz horiek euskaratzeari ekin zioten. "Baina herriko armarrian egin beharreko aldaketa guztiek udalbatzarraren oniritzia izan behar dute lehenbizi, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena, gero. Gauzak horrela, gutxieneko aldaketa horiek egitea ezinbestekoa zela iritzita eta Gipuzkoako beste zenbait herritan egiten ari diren bideari segida emanez, Getariako armarriaren nondik norakoak aztertzea erabaki zuen udalak». Hala iritsi zen gaia Aierberen eskuetara, eta hura jabetu zen indarrean zegoen armarriak ez zituela hainbat heraldika arau betetzen –sinpletasun eta argitasun aldetik–. Gainera, armarri hori ez da jatorrizkoa, hainbat eraldaketa egin izan baitizkiete.
Hori azpimarratu du Alberdik ere, eta azterketa egin izanari eman dio balioa: "Badirudi gauzak edota sinboloak beti horrela izan direla, eta askotan ez dugu denborarik hartzen horien nondik norakoak aztertzeko. Kasu honetan, Euskaltzaindiaren ekitaldi hark eta idazkariak aldaketak udalbatzarrean erabakia behar zuela esan izanak eraman gintuen herriko armarria aztertzera. Eta Rosak aurkeztu duen txostenak jasotzen duen bezala, armarria aldatu egin da. Edo, beharbada, egokiagoa da esatea pertsonek aldatu dutela", azaldu du –txostena eskuragarri dago getaria.eus udalaren webgunean–.
Informazio osoa
- Izenburua: Ezagutu gure armarria. Jatorria, historia eta heraldika.
- Eguna: Hilak 29, asteazkena.
- Tokia: Zarautz jauregia.
- Ordua: 18:30
Herritarren iritzia
- Eguna: Otsailak 7 (18:00-20:00), otsailak 8 (11:00-13:00) eta otsailak 9 (11:00-13:00)
- Tokia: 12 urtetik gorakoek, udaletxe azpian emango dute iritzia. 6-12 urte artekoak, Iturzaeta eskolan.
- Baldintzak: Getarian erroldatuta egotea.
Eneritz Tirados: "Erabateko elkarlanean egin da diseinua"
"Heraldika Erdi Aroko arte eta zientzia bat da, armarriak diseinatu, interpretatu eta erabiltzen dituena. Heraldikak bilakaera izan du leinu, familia, erakunde eta lurraldeen irudikapen sinbolikorako bitarteko bilakatzeko. Esmalteen edo pinturen eta irudi edo blasoien konbinazioaren bidez, armarri heraldikoek istorioak kontatzen dituzte, balioak islatzen dituzte eta ordezkatzen dituztenen nortasuna nabarmentzen dute". Hala jasotzen du Rosa Aierbe adituak Getariako Udalarentzat egindako txostenaren hasierak. Hark proposamen zehatza egin du Getariako armarri berriarentzat, eta horren marrazki edo diseinua Eneritz Tirados Getariako bizilagunak osatu du. Diseinatzaile grafikoak azpimarratu du "asko ikasi" duela Aierberekin, eta armarriaren diseinua "erabateko elkarlanean" egin dutela. Maiatzean hasi ziren lanketa egiten, eta urrian amaitu zuten, udalari erakusteko.
Tiradosek garrantzia kendu dio bere lanari, berak "Aierberen hitzei forma eman besterik ez" duela egin esanez, "heraldika oso mugatua delako eta ezin delako edozer egin". Dena den, irudi zaharra eta berria alderatuz gero, nabarmena da balearen itxura zeharo desberdina dela batean eta bestean. Horren arrazoia zein den azaldu du Tiradosek: "Armarri zaharreko irudian arrain handi bat ageri da, bale gisa interpreta daitekeena, baina guk euskal balea agertzea nahi genuen, eta horregatik aldatu dugu irudia".
Zazpi kolore bakarrik
Armarrietan soilik zazpi kolore erabil daitezkeela esan du Tiradosek, eta horiek ezin direla edozein modutara konbinatu. Hala, hiru kolore konbinazioren artean erabaki beharko dute getariarrek: itsasoaren urdina aukera guztietan ageri da, baina hondoa zuria, gorria edo berdea izango da. Heraldikan, gorriak indarra, ausardia eta kemena sinbolizatzen ditu. Berdea itxaropenaren, askatasunaren, ugaritasunaren eta hazkundearen sinboloa da. Zuria, berriz, garbitasunaren, egiaren, bakearen eta zintzotasunaren sinboloa da.