Rosa Aierbe: "Niretzat, armarria zenbat eta xumeagoa, orduan eta ederragoa da"

Onintza Lete Arrieta 2025ko urt. 29a, 09:32

Rosa Aierbe iazko azaroan eskainitako hitzaldi batean. (Oier Arregi)

Getariako Udalak saio informatiboa antolatu du –Zarautz jauregian, 18:30ean–, armarrian aldaketa batzuk egitea erabaki duelako hori arau heraldikoetara egokitzeko, eta horren berri eman nahi du. Heraldikan aditua da Rosa Aierbe, eta besteak beste, 2008an heraldikako Espainiako saria jaso zuen.

Rosa Aierbe (Hernani, Gipuzkoa, 1954) EHUko Zuzenbidearen Historiako irakaslea Getarian izango da gaur arratsaldean, herriko armarriaz egin duen ikerketa herritarrei azaltzeko.

Armarriak Erdi Arokoak dira, baina Getariako Udalarenak hainbat aldaketa izan ditu denboran zehar. Ba al dakizu aurrenekoa nolakoa zen?

Zigiluak dira heraldika zigiluen jatorria, eta hortik datoz, gero, heraldika armarriak. Zigilu horiek hiribilduko agiri ofizialak baliozkotzeko balio zuten, baita beste instantzia batzuetara bidaltzeko ere. Ikusi beharko litzateke haietan Getariako Erdi Aroko zigiluaren aztarnarik geratzen den. Gipuzkoan, Donostiakoak, Hondarribikoak eta Arrasatekoak bakarrik ezagutzen ditugu.

Ohikoa da armarriek moldaketak izatea denboran? Adibide esanguratsurik badago?

Bai, armarrietan aldaketak egiten dira, betiere horietan ordezkatuta dauden kolektiboek adostuta. Argi utzi behar da armarriak ez direla udalenak, hiribilduarenak, hiriarenak edo beste edozein udal erakunderenak, baizik eta aldaketa oro bertako bizilagunek adostu behar dute.

Getarian, orain indarrean dagoen armarriak ez ditu arau heraldikoak betetzen. Zergatik? Zertan huts egiten du?

Gaur egun Getariako hiribilduak erabiltzen duen zigiluak (beste hiribildu edo udalerri askok bezala) akats heraldikoak ditu. Oro har, heraldika arauei jarraitu gabe egin izan dira; ez dira arau asko, baina aplikatu egin behar dira. Askotan, estetika hutsagatik edo diseinatzaileen gustuagatik egin izan dira.

Koloreak garrantzia du armarrian, baina hainbat muga ditu. Zergatik?

Heraldikan ezin da koloreez hitz egin, esmalteez edo pinturez baizik, koloreak koloreen zati bat baino ez baitira. Esmalteak edo pinturak metalak (oro-horia eta zilar-zuria) eta koloreak (azur-urdina, sinople-berdea, gules-gorria, sable-beltza eta purpura-morea) izan daitezke. Ezkutu askotan ikusten ditugun beste pintura batzuk (marroia, adibidez) ez dira heraldikoak, eta ez dute ezkutuetan joan behar.

Urola Kosta eskualdeko beste armarriak ezagutzen al dituzu?

Ez. Gipuzkoan ezagutzen ditut, duela gutxi aldatu direlako, Oñati, Zizurkil, Antzuola eta Legorretako armarriak, baina komeniko litzateke beste herrietan daudenak berrikustea eta arau heraldikoetara egokitzea.

Desberdintasunik ba al dago herrien eta familien armarrien artean?

Abizenek dituzten irudiak, adibidez, armarriak al dira? Ezkutu guztiek osagai berberak dituzte: forma, partizioak, blasoiak eta esmalteak, eta guztiek dute jatorrian izateko arrazoi bat, leinu edo komunitate bat irudikatzen baitute. Abizenak abizenak dira, eta guztiek ez dute armarri heraldikorik izendatuta. Are gehiago, badira ezkutu bat baino gehiago dituzten abizenak ere, adar desberdinetakoak direlako, eta norbere abizenari horietako zein dagokion jakiteko, genealogia egin beharko litzateke, zein adarretakoa den ikusteko.

Zeuri gehien gustatzen zaizun armarria zein da? Deskribatzerik bai?

Niretzat, armarria zenbat eta xumeagoa izan, orduan eta ederragoa da. Baina garrantzitsuena da herria irudikatuta sentitu dadila hura osatzen duten elementuekin.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide