Iraila amaieran aurkeztu zituen Jon Maia bertsolari zumaiarrak herri identitatea osatzea helburu izan duen Herri identitatea. Getaria parte hartze prozesuaren ondorioak, eta horren bueltan osatu du Ormaiztegiko Balu sortzaileak gaur inauguratu duten Menditxo parkeko horma irudia.
Atzo agintea hartu zuen udal talde berria arduratu da murala inauguratzeaz, eta bertan izan dira Maia eta Balu bera, baita Gazte Alaiak taldeko txistulari eta Gure Txeruko dantzariak ere. Dantzak, bertsoak eta esker oneko hitzak izan dira ekitaldian, eta jarraian sabela betetzeko aukera ere izan dute herritarrek, banatu dituzten txorizo pintxoekin. Euria ari bazuen ere, dozenaka herritar elkartu dira Menditxo parke inguruan, eta balkoietara gerturatu denik ere izan da, kalean gertatzen ari zena jarraitzeko.
Arratsaldean, berriz, Marieta Zirkus ikuskizuna, txistulariak eta buruhandiak, eta afaria izango dituzte. Jarraian, Gauargi taldeak erromeria eskainiko du.