Egunean zehar euriak atsedenik eman ez bazuen ere, arratsalde aldera atertu eta euririk gabe hasi zuten atzokoan Alkate Txiki Egunaren bueltan antolatutako bi eguneko egitaraua. Zalaparta eta urduritasuna ziren nagusi plazan, denak zain baitzeuden udalbatzar aretora igo eta beren lekua hartzeko. Goian, berriz, bakoitza bere aulkian eserita, herriaren ardura hartzeko irrikitan zeuden sei gaztetxoak, Laia Rodriguez alkate berria buru zutela: Galder Rodriguez, Peru Aranberri, Oihane Ostolaza, Sara Mardare eta Zoe Saez.
Denak azkar batean igo ziren pleno aretora, eta bat-batean bete zen goraino gela. Lehen ilaretan eskakizunak egin zituzten umeak zeuden, eta atzean nahiz inguruan, berriz, herriko beste dozenaka ume. Haritz Alberdi alkateak ezin izan zuen hitzordura gerturatu beste konpromiso batzuk tarteko, eta Ekaitz Esteban zinegotzia arduratu zen Ostolazari "herriaren ardura" eta alkate makila emateaz. Jarraian egin zituzten haurrek eskaerak: izozki eguna ospatzea herrian, kiroldegiko aurreko lurra konpontzea patineteekin ibiltzeko, haur parkean salto egin ahal izateko tela elastikoa jartzea, igerireku publikoa eraikitzea...
Gaur ere, festa ziurtatuta
Aurreko urtean bezala, aurten ere bi eguneko egitaraua antolatu dute Alkate Txiki Egunaren bueltan. Zehazki, 13:00etan Menditxo parkeko murala inauguratuko dute Gure Txeruko dantzariekin, Gazte Alaiak taldeko txistulariekin, Jon Maia bertsolariarekin eta Balu marrazkilariarekin.
Arratsaldean, berriz, Marieta Zirkus ikuskizuna, txistulariak eta buruhandiak, eta afaria izango dituzte. Jarraian, Gauargi taldeak erromeria eskainiko du.