Zaharra eta berria, sokatiran

Julene Sorarrain eta Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 27a, 12:50

Jon Maiak 'Herri identitatea. Getaria' parte hartze prozesuaren ondorioak aurkeztu ditu Getarian. Herri identitatearen narrazioa osatzea izan da xedea. 

Getariako Udalak eskaera bat egin zion Jon Maia sortzaile zumaiarrari: "Getariaren identitatearen erradiografia bat" egitea, gaur egungo nortasunaren azterketa bat. Hala, Maia Getariako 23 elkarte, eragile eta mugimendurekin bildu da beren jardueren, gaur egungo egoeraren eta herriaren ikuspegiaren inguruan galdetzeko asmoarekin, eta ondorioak atzo aurkeztu zituen, jendaurrean egindako ekitaldian.

"Entzundako guztietatik atera dut zeintzuk diren, gehiengoaren ustez, Getariaren ezaugarriak, hau da, herria ezaugarritzen duten elementuak eta faktoreak", kontatu zuen. Eragileak askotarikoak izan dira, besteak beste, Caritas, Getariako Txakolina jatorri izena, arrantzaleen kofradia, Urritza gazte aisialde taldea, musika banda eta musika eskola, ostalaritza sektorea, Iturzaeta herri eskola, Artzape herri aldizkaria, jubilatuen elkartea, Mariñak talde feminista... Pieza horiek guztiak banan-banan entzun eta jaso ondoren, Getariaren identitatea osatzen duen puzzlea egin du Maiak.

"Historikoki, Getaria itsas herria izan da. Ostalaritza herri bat. Txakolinarena. Getaria euskararen herria da. Arrain nahastuen herria, beraien esaera bat da, adin guztietako jendea elkartzeko ohitura dagoelako. Emakumezkoen Getaria bat ere bada, historikoki nahiko ezkutatuak izan diren arren. Moilako herria da. Baina, orain, horko bizitza gainbeheran dago eta portutik gorako bizitza da gehiengoa. Itsasoan ere jarduera tradizionalen gainbehera sumatzen dute. Aldi berean, itsasoarekiko beste harreman batzuk ari dira nagusitzen, hala nola surfa, aisialdi jarduerak eta hondartza. Hala ere, sinbolismo handiena duena itsasoa da, nahiz eta errealitatean pisu asko galdu duen. Ostalaritza ere oso lotuta dago itsasoaren kulturari eta ekosistemari. Ez dira frankiziak edo kanpotik etorritako enpresak, familia egitura dute, eta itsasoko kulturari lotuta daude", kontatu zuen sortzaile zumaiarrak. "Historian zehar, itsasoaren aktibitatea, neurri handi batean, emakumearen kontrabalantzari esker egin izan da. Emakumea arduratu behar izan da herriaz, gizona kanpoan zegoen bitartean. Baina, hierarkian, beherago egon da beti".

Getaria harrera herria ere badela azpimarratu zuen. "Itsasoa eta immigrazioa oso lotuta daude. Arrantzale asko etorkinak dira eta, neurri batean, beraiek ari dira salbatzen itsas jarduera tradizionala". Musika herria ere bada. "Musika bandak ondare handia du. Baina horrek ere igorpena galdu du, eta bandan jendea falta dute, instrumentu batzuetan batez ere. Rock eta punk mugimenduan, Getaria aparteko plaza izan da historikoki, gaztetxeari esker". Eta landa eremua ere aipatu zuen: "Beste Getaria bat ere badago, landa herria: Meaga, Askizu, San Prudentzio... baserritar kulturatik datoz, baina jarduera gainbeheran dute".  

San Anton mendia herriko ikurretako bat dela ere esan zuen. "Oraindik oso balioan ez dagoen natur ondarea du, berezia". Getaria turismo herria ere badela zioen, baita Elkanoren eta Balentziagaren herria ere: "Horiek dira herri txiki baten figura unibertsalak".   

'Getaria, herria, itsaso'

Betiko Getariaren eta Getaria berri baten arteko "sokatira" ikusten du Maiak. "Lehen sektorearen gainbehera nabarmen bat dago, eta, aldiz, aisialdi sektorearen gorakada bat. Emakumearen presentziaren aldarrikapena dago sektore guztietan, baita getariarra izateko modu berria ere. Kezka dago itsas kulturaren galeraz; horrek dakarren ondare eta material galeraz, transmisioaren etenaz. Borondatezko lanaren gainbehera ere badago. Transformazio bat dago itsasoaren erabileran, turismoari begira, baita baserriarena ere, landetxeekin. Txakolindegiak eraldatzen ari dira, bisita gidatuekin eta lotarako eskaintzarekin. Euskararen erabilerarekiko pertzepzioa ez da txarra, baina badago kezka ere. Getaria zaharraren eta berriaren arteko trantsizioan gaude", azaldu zuen.

Maiak, herritarrei entzun ondoren, hainbat neurri proposatu dizkio udalari: "Oraingo Getariari hobeto egokitzen zaion iruditegi berria sortu beharra dago. Transmisio kanalak eta parte hartze foroak sortu, ehundura berriak eraiki, iruditegi berria bultzatu, herri kohesiorako ekimenak sortu, itsas kulturaren transmisioa bermatuko eta duinduko duten neurriak hartu, herritarrentzako espazio berriak eraiki, identitate berrien ikusgarritasuna lortu, emakumezkoari dagokion lekua egin eta gazteen artean sare berriak sortu. Udalak herritarrekin batera lantzeko neurriak dira horiek", adierazi zuen.

Herriaren marka berria ere aurkeztu zuten, TheNiu agentziarekin elkarlanean sortutakoa. Getaria, herria, itsaso Maiaren lanetik ondorioztatuta sortu duten esaldia da: "Getaria beti itsasoarekin erlazionatu da, baina ispilu horri buelta emanez, herria bera bihurtzen da itsasoa. Herria bizirik eta mugimenduan dago. Benetako itsasoa herria eta herritarrak dira". Marka berriarekin batera, Balu street art margolaria horma irudi bat margotzen ari da herrian egun hauetan. 

"Getariak, herri txiki bat izanik, Euskal Herri nahiz mundu mailako ezaugarri batzuk ditu gastronomian, itsaso arloan, pertsonaia historikoei dagokienez... 3.000 laguneko herri bat da, baina ezaugarri oso indartsuak ditu; kanpotik ikusten dena baino askoz gehiago da. Lan honek aukera ematen die herriaren noranzkoan erabakiak hartu ahal izateko. Getariarrak zoriontzen ditut ariketa honengatik, kanpotik ikusten dena baino askoz oparoagoa baita hau guztia", erantsi zuen. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide