Orio Kanpina banderak jokatu dituzte gaur eguerdian Orion Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek, eta emaitza gazi-gozoak lortu dituzte eskualdeko ontziek. Gizonetan, Getariak hirugarren postua eskuratu du, eta ohorezko txandara itzuliko da datorren asteburuan; Orio, berriz, txanda horretatik erori da, gaur hamargarren eginda.
Gizonen estropada haizeak eta korronteek baldintzatu dute, eta ezustekoak egon dira, bigarren txandako Hondarribia izan baita bizkorrena. Hala, Hondarribia, Zierbena, Getaria eta Lekittarra izan dira aurreneko lau sailkatuak gaurkoan –soilik Zierbena aritu da hirugarren txandan–, eta Oriori estropada osoan zehar sufritzea tokatu zaio. Hamargarren gelditu da etxeko taldea, Hondarribigandik minutu erdira. Atzoko garailea, Urdaibai, bosgarren izan da gaur.
Getaria bikain ibili da, eta bere txandan bigarren eginda, hirugarren tokia eskuratu ahal izan du.
Kontuak kontu, sailkapen nagusian lider segitzen du Urdaibaik, Zierbenari hamar puntuko aldea aterata. Oriok postu bat galdu du, eta bosgarren da orain. Getaria da seigarren, baina tarte handia dago eskualdeko bi traineruen artean, ondoko sailkapenean ikus daitekeenez.
Eusko Label ligako sailkapen orokorra:
Emakumeei dagokienez, atzo Castro Urdialesen (Espainia) Euskotren ligako 11. jardunaldian laugarren izan ziren oriotarrak –Arraun Lagunak garaileagandik 22 segundora–, eta "lehiatik kanpo geldituta", taldea "sentsazio oso txarrarekin" gelditu zela azaldu dio Itxaso Azkonobieta arraunlari oriotarrak gaurko estropada amaitu berritan Gukari. Gaur, berriz, hirugarren izan dira etxean, Orio Kanpina banderaren lehian, eta bederatzi segundoko aldea egon da aurreneko hiru traineruen artean –Arraun Lagunak nagusitu da gaur ere eta Tolosaldea izan da bigarren–.
Etxeko estropada beti izaten da berezia eta garrantzitsua taldeentzat, "motibazio plus hori bazeukan estropada honek", eta ahalik lan onena egitera aterata, "sentsazio hobearekin" amaitu dute estropada. "Alde horretatik, gustura" direla esan du oriotarrak.
Dena den, arantza ez dute erabat atera, "oraindik estropadetan ez garelako ari ematen entrenamenduetako maila". Aldaketa zerk eragin duen galdetuta, Azkonobietak uste du beren buruei jartzen dieten presioa "albo batera" uztea lortu dutela gaurkoan. Alderdi teknikoan ere egon da alderik, baina horiek talde barruan gelditzen diren kontuak direla gogorarazi du.
Egnez egun lanean jarraitzeko asmoa agertu du Azkonobietak, eta nabarmendu du aurtengo helburua dela taldearen bizkarrezur berria egonkortzea eta sendotzea hurrengo urteei begira –aldaketa asko egon baitira traineruan iaztik hona–. "Ondo ari garela uste dut, eta datozen urteetan emango dituela bere emaitzak", esan du taldekide beteranoak.
Gaur Orion ezusteko gutxi egon da emakumeen estropadan, eta Arraun Lagunak taldearentzat izan da hamabigarren trapua ere.
Euskotren liga, Orio Kanpina bandera. Emaitzak: