Galizian hasiko da datorren asteburuan aurtengo Eusko Label traineru liga. Larunbatean A Coruñan izango da lehia eta egun bat geroago, igandean, Bueun. Irailaren amaierara bitartean asteburuko izango da traineruen ikuskizuna Kantauri itsasoan.
Ligan aurkeztuko duen trainerua eta Getariako izena herriko mugetatik kanpo eramango duten arraunlariak aurkeztu ditu gaur eguerdian Getariako Arraun Elkarteak. Herriko frontoian zuten ekitaldia egiteko asmoa, baina eguraldiagatik Berdura plaza eraman dute. Euriak, baina, ez ditu herritarrak usatu eta erruz gerturatu dira ekitaldira. Aurkezpeneko une batean Ekaitz Esteban kirol zinegotziak azaldu duen bezala, horrek erakusten du herria bere osotasunean ilusionatuta dagoela bere arraunlari taldearekin.
Lehenbizi, harrobian, bateleran zein trainerillatan aritu diren arraunlariei aitortza egin nahi izan die arraun elkarteak. Banan-banan irakurri dituzte beraien izenak, eta herritarren txaloak jasotzeko aukera ere izan dute gazteek.
Ondoren, traineruan arituko direnen txanda heldu da. Hemerezi arraunlarik jantziko dituzte Getariako koloreak arraun denboraldian. Aurkezpenean esan dutenez, lau baja izan dira iaztik hona, baina beste lau arraunlari gehitu dira eskifaira. Aurten ere Jon Larrañaga arituko da entrenaitzaile lanetan. Aurtengo helburua aurrerapauso bat ematea ere badutela azaldu dute. Horretarako, talde lehiakorragoa egiten saiatu direla azaldu dute, entrenamendu gogorragoak eginez. Hala, denboraldira begira baikor daudela ere nabarmendu dute.
Arraunlariak banaka hurreratu dira plaza erdian jarri duten Esperantza trainerura, eta txalo zaparrada jaso dute amaieran. Ekaitz Estebanek erronka bat ere jarri die arraun elkarteko arduradunei: "lau-bost urte barru bigarren traineru bat ateratzea. Neskak badatoz, eta ea mutilak bere horretan segitzen duten".