Festa eguzkitsuak amaitzeko, ur jolasak

Onintza Lete Arrieta 2023ko abuztuaren 8a

Eguraldi tristearekin hasi zituzten salbatore jaiak ostiralean Getarian, baina eguzki galdatan emango diete amaiera gaur iluntzean. 18:30 arte, uretako puzgarriak daude frontoian eta plazan adin guztietako umeen gozagarri. Ondoren, goizeko ordu txikietara arte, helduen txanda izango da.

Getarian hasi dute jaiak amaitzeko atzera kontaketa. Ostiralean eguraldi tristearekin hasi zituzten salbatoreak, eta gaur eguzki galdatan amaituko dituzte. Horregatik, gaurko antolatutako ekintza nagusia ezin aproposagoa da: uretako puzgarriak jarri dituzte, izan ere, frontoian eta plazan, adin guztietako haurren gozagarri.

Eguerdian 13:30 arte egon dira erabilgarri, eta arratsaldean, 16:00etatik 18:30era ere zabalik izango dira ur jolasak.

Umeen Eguna ospatzen ari dira, baina helduek ere badute zer gozatua azken egunean, gaurko egitarauan ikus daitekeenez. Besteak beste, batukada egingo dute hainbat herritarrek iluntzean, eta gauean erromeria izango da. Bandera jaitsiera gauerdian izango da, eta txosnagunean mozorro gaua ospatuko dute. Ordu txikietara arte jarraituko du festak, gainera.

Egitaraua:

  • 11:00-13:30 eta 16:00-18:30. Haurrentzako ur parkea, frontoian, plazan eta Berdura plazan.
  • 19:00. Buruhandiak kalez kale.
  • 19:00. Ustekabe txaranga, kalez kale, plazatik abiatuta.
  • 21:30. Herritarren batukada.
  • 22:30. Zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00. Erromeria Laiotz taldearekin, plazan.
  • 00:00. Bandera jaitsiera Getariako Musika Bandak lagunduta, eta festen amaierako traka.
  • Ondoren. Laiotz musika taldearekin dantzaldia, plazan.
  • 00:00. Mozorro gaua eta Mojito’s Night, txosnagunean. Gaia, marrazki bizidunak. 
  • 00:30. Andoni Ollokiegi eta DJ Maixa eta Malakias, txosnagunean.
  • Jarraian. Karaokea, txosnagunean. Ondoren, jaiei amaiera emateko, apar festa toki berean.

Erlazionatuak

Lau urteren buruan, bueltan

Onintza Lete Arrieta-Maialen Etxaniz-Andrea Zipitria 2023 abu 07 Getaria

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide