Eguna ondo hasteko, patata tortillak eta hegaluzea

Onintza Lete Arrieta 2023ko abuztuaren 7a

Jan Festa eguna dute gaur Getarian Salbatore jaien barruan, eta sabela mimatuz hasi dute eguna. Arratsaldean, belarriak goxatzeko tartea izango da, haurren danborrada egingo dutelako herriko kaleetan zehar 17:30ean hasita.

Salbatore jaietako laugarren eguna dute gaur getariarrek. Ekitaldi mordoa egin dituzte aurreko egunetan, baina gaur eta bihar ere ez da festa girorik faltako. Gaur, esaterako, Jan Festa eguna ari dira ospatzen, eta izenari omen eginez, sabelak mimatuz hasi dute eguna, gaztetxoen patata tortilla txapelketarekin eta parrillan erretako hegaluzearekin.

14 eta 18 urte arteko hamasei bikotek parte hartu dute IX. Patata Tortilla Txapelketan, eta tortilla guztiak probatu ondoren, epaimahaiak Irati Vicenteren eta Sara Mouffoken tortilla jo du garaile.

Behin txapelketa amaituta, herritarren artean banatu dituzte tortilla pintxoak, doan.

Bitartean, frontoia eta ingurua parrillan erretako hegaluze usainez bete da, eta jakia hobeto sartzeko, garagardoa nahiz txotxeko sagardoa izan dute aukeran herritarrek eta bisitariek.

13:30ean, bertsolarien urteroko saioa ere izan dute, baina balkoitik balkoira beharrean, frontoiko oholtzan aritu dira kantuan Aner Peritz eta Eli Pagola.

Arratsaldean, Gure Txeruko haurren danborrada egingo dute. 17:30ean hasiko da hori, anbulatorio aurretik, eta kalez kale ibiliko dira herria doinu dotoreekin janzten. 

Bihar amaituko dira salbatoreak, Umeen Egunarekin. Hau da gaurko eta biharko egitaraua:

Gaur, abuztuak 7, Jan Festa eguna

  • 09:30. Gazte Alaiak txistularien diana.
  • 11:00. IX. Patata Tortilla Txapelketa, 14 eta 18 urte arteko gaztetxoentzat.
  • 12:00. Hegaluzea parrillan eta sagardoa txotxean, frontoian.
  • 13:30. Bertsolariak balkoitik: Eli Pagola eta Aner Peritz.
  • Eguerdian. Txikiteo animatua.
  • 17:30. Gure Txeruko haurren danborrada.
  • 18:00-21:00. Indarkeria sexistaren aurkako informazio gunea, Harritarten.
  • 19:00. Kuadrillen arteko sokatira lehiaketa, txosnagunean.
  • 19:00-22:00. Indarkeria sexistaren aurkako informazio gunea, Harritarten.
  • Jarraian. Elektrotxorongo elektrotxaranga, txosnagunetik abiatuta.
  • 23:00. La Basu eta Xiberootsen kontzertuak, frontoian.
  • Jarraian. DJ Bull, txosnagunean.

Bihar, abuztuak 8, Umeen Eguna

 
  • 11:00-13:30 eta 16:00-18:30. Haurrentzako ur parkea, frontoian, plazan eta Berdura plazan.
  • 19:00. Buruhandiak kalez kale.
  • 19:00. Ustekabe txaranga, kalez kale, plazatik abiatuta.
  • 21:30. Herritarren batukada.
  • 22:30. Zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00. Erromeria Laiotz taldearekin, plazan.
  • 00:00. Bandera jaitsiera Getariako Musika Bandak lagunduta, eta festen amaierako traka.
  • Ondoren. Laiotz musika taldearekin dantzaldia, plazan.
  • 00:00. Mozorro gaua eta Mojito’s Night, txosnagunean. Gaia, marrazki bizidunak. 
  • 00:30. Andoni Ollokiegi eta DJ Maixa eta Malakias, txosnagunean.
  • Jarraian. Karaokea, txosnagunean. Ondoren, jaiei amaiera emateko, apar festa toki berean.
 

Erlazionatuak

Lau urteren buruan, bueltan

Onintza Lete Arrieta-Maialen Etxaniz-Andrea Zipitria 2023 abu 07 Getaria

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide