Danbor hotsek hartu dituzte kaleak Salbatore festetan

Intza Trula 2023ko abuztuaren 8a

Jan Festa eguna ospatu zuten atzo Getarian, eta arratsalde partean Gure Txeruko haurren danborrada egin zuten etxeko txikienek herriko kaleetan barrena. Gaur amaituko dira festak herrian, Umeen Egunarekin.

Eguraldia lagun, Jan Festa eguna izan zuten atzokoan Getarian, festen azken aurreko egunean. Atsedenik gabeko jaien laugarren eguna bazuten ere, gaztetxoenek gogoz jo zituzten danborrak arratsaldean herriko kaleetan gora eta behera.

Goizean zehar ere izan zuten jaiez gozatzeko tarterik; gazteen patata tortilla txapelketa egin zuten herriko plazan, eta, ondoren, parrillan erretako hegaluzea eskaini zitzaien bertaratu zirenei.

Gaur agurtuko dituzte aurtengo Salbatoreak Umeen Egunarekin, eta azken egun honetako protagonistak haurrak izango diren arren, jaiei amaiera borobila emateko ekintza ugariz gozatzeko aukera izango dute gazte eta helduek ere. Honakoa da gaurko egitaraua:

  • 11:00-13:30 eta 16:00-18:30. Haurrentzako ur parkea, frontoian, plazan eta Berdura plazan.
  • 19:00. Buruhandiak kalez kale.
  • 19:00. Ustekabe txaranga, kalez kale, plazatik abiatuta.
  • 21:30. Herritarren batukada.
  • 22:30. Zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00. Erromeria Laiotz taldearekin, plazan.
  • 00:00. Bandera jaitsiera Getariako Musika Bandak lagunduta, eta festen amaierako traka. Ondoren. Laiotz musika taldearekin dantzaldia, plazan.
  • 00:00. Mozorro gaua eta Mojito’s Night, txosnagunean. Gaia, marrazki bizidunak.
  • 00:30. Andoni Ollokiegi eta DJ Maixa eta Malakias, txosnagunean.
  • Jarraian. Karaokea, txosnagunean. Ondoren, jaiei amaiera emateko, apar festa toki berean.

Erlazionatuak

Lau urteren buruan, bueltan

Onintza Lete Arrieta-Maialen Etxaniz-Andrea Zipitria 2023 abu 07 Getaria

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide