Azoka bereziarekin eta pilotarekin agurtuko dituzte gaur sanantonioak Errezilen

Mailo Oiarzabal 2026ko ekainaren 14a

11:00etatik aurrera egingo dute feria zein bertako ekoizleen eta artisauren azoka. Eguerdian umeen pilota partidak izango dituzte eta arratsaldean, berriz, pala txapelketa herrikoiaren finalak.

Festetako laugarren egunarekin agurtuko dituzte gaur Errezilen aurtengo sanantonioak. Atzo, goizean San Antonioren ermitan urteroko festa egin ondoren, arratsean, besteak beste, triki-bertso poteoan (eta itzal bila) ibili ziren errezildarrak Maddi Ane Txoperenarekin, Andoni Egañarekin, Lidia Irigoienekin eta Itzeder Arrizabalagarekin. Gauean, berriz, sagardoarekin eta pintxoekin sabelak gozatuta, Iratzar taldearen dantzaldiarekin luzatu zuten festa.

Gaur, 11:00etan hasiko da jai egitaraua, ordu horretatik aurrera egingo baitituzte feria eta herriko artisauen eta ekoizleen azoka. 12:00etan, berriz, frontoian izango dute hitzordua, umeen arteko pilota partidekin.

Eta jaietako azken hitzorduan ere pilota izango da nagusi: 18:00etan hasita, apiril bukaeratik jokatzen aritu diren pala txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte.

(Argazkiak: Errezilgo Festa Batzordea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide