Jaietako lehen gau luzearen ondoren, San Antonio eguna ospatzen ari dira Errezilen

Mailo Oiarzabal 2026ko ekainaren 13a

Udaberriko festen zaindariaren egunean ohi dutenez, San Antonioren ermitaren bueltan elkartu dira gaur errezildarrak goiz-eguerdi partean, mezarekin, hamaiketakoarekin, erraldoiekin, buruhandiekin eta trikitilariekin jaiegunari ekiteko.

Jaietako lehen gau luzearen biharamunean iritsi da aurten San Antonio eguna Errezilen. Ostegunean txupinazoa botata, atzo gaztetxoak izan ziren protagonista arratsaldean, ikasturte amaierako trikiti eta dantza emanaldiekin. 21:00etan, frontoian egin zuten herri afariarekin hasi zuten gaur goizeko gaupaseroen argazkiarekin bukatu duten festa gau luzea. Eta gaur, udaberriko festen zaindariaren egunean ohi dutenez, San Antonioren ermitaren bueltan elkartu dira pixka bat garaizago erretiratu ziren errezildarrak goiz-eguerdi partean, jaiegunari ekiteko.

11:00etako mezaren ondoren, bertaratutako guztientzako hamaiketakoa prest zuten ermitatik gertu eta itzalpean, berotzen hasita zegoen-eta eguzkia. Meza amaitu bezain pronto iritsi dira herrigunetik abiatutako kalejiran herriko erraldoiak eta buruhandiak, Itzeder eta Lidiaren trikiti eta pandero doinuekin batera. Trikitilariek beren ohiko tokia hartu dute segituan, hamaiketakoa girotzeko.

Arratsalde erdian berrekingo diote festa egitarauari Errezilen. Hona hemen, San Antonio egunari gelditzezn zaizkion ekintzak zein bihar, jaien azken egunean, izango dituztenak:

  • 17:00. Umeentzat skate ikuskizuna, eskolako jolastokian.
  • 18:00. Triki-bertso poteoa: Maddi Ane Txoperena eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Lidia eta Itzeder trikitilariekin.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa, Euskal Parrillaren eskutik.
  • 23:00. Iratzar taldearekin dantzaldia. 

Bihar, igandea

  • 12:00. Umeen pilota partidak.
  • 18:00. Pala txapelketako finalak.

(Argazkiak: Mailo Oiarzabal eta Errezilgo Festa Batzordea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide