Domusako langileek piztu dute festa Errezilen

Mailo Oiarzabal 2026ko ekainaren 11

Borondegiko balkoitik bota dituzte 20:00etan jaien hasiera iragartzeko suziriak. Iganderaino jarraituko dute San Antonio jaiak ospatzen, ekitaldi sorta luzearekin.

Ezohiko egunean eta tokian botatako txupinazoarekin hasi dituzte gaur Errezilen San Antonio jaiak. Santuaren egunean bertan (ekainaren 13an) eta hari eskainitako baselizan izan beharrean, bi egun aurreratuta eta herrigunean bota dituzte jaiak iragartzeko suziriak.

Baina udaletxean obrak egiten ari direnez, Borondegiko lehen solairuko balkoian piztu dituzte suziriak Domusa Teknik enpresako langileek, Beheko Plazan eta eliz atarian bildutako herritarren txaloen artean. Izan ere, aurten 50 urte betetzen ditu Errezilgo enpresarik handienak, eta hango ordezkaritza batek izan du herriko udaberriko jaietako txupinazoa botatzeko ohorea.

Sanantonioak, iganderaino

Jaien lehen eguna pintxo poteoarekin borobilduta, iganderaino jarraituko dute sanantonioak ospatzen Errezilen.

Hona hemen, datozen egunetako ekitaldien egitaraua:

Bihar, ostirala

  • 18:30. Ikasturte bukaerako trikiti jaialdia.
  • 20:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
  • 21:00. Herri afaria, Guraso Elkarteak eskainita.
  • 00:00. Txinga txapelketa.
  • Ondoren, Itzal taldearekin dantzaldia.
  • Ondoren, Bull DJa, Borondegin.
  • 07:00. Gaupaseroen argazkia. 

Etzi, larunbata. San Antonio eguna

  • 11:00. Meza, San Antonio baselizan.
  • 11:30. Erraldoiekin kalejira Beheko plazatik, Lidia eta Itzeder trikitilariek girotuta.
  • Ondoren, hamaiketakoa.
  • 17:00. Umeentzat skate ikuskizuna, eskolako jolastokian.
  • 18:00. Triki-bertso poteoa: Maddi Ane Txoperena eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Lidia eta Itzeder trikitilariekin.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa, Euskal Parrillaren eskutik.
  • 23:00. Iratzar taldea. 

Ekainak 14, igandea

  • 12:00. Umeen pilota partidak.
  • 18:00. Pala txapelketako finalak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide