Kirola izan da nagusi gaur Errezilgo sanmartinetan. Goizean, haurren krosa jokatu da, eta arratsaldean, berriz, gurasoen eta ez gurasoen artean herri kirol erronka jokatu dute. 17:30ean hasi dute kirol ekitaldia Beheko plazan, eta plazaren inguru guztia adin guztietako herritarrez beteta egon da.
Bi taldeek lau aldiz honako jarduerak egin behar izan dituzte: bizikletan zuzketako buelta, ergometroan 500 metro, harriari bost jasoaldi (Aimar Irigoien gurasoen taldean aritu da eta 100 kiloko bolarekin eta Unai Irigoien ez gurasoen taldean eta 80 kiloko bolarekin), hamabi lokotx biltzea, ingudearekin (gurasoen taldeko Mirenek 15 jasoaldi ingude txikiarekin eta ez gurasoen taldeko Julenek hogei jasoaldi ingude handiarekin), 25 kiloko zakuarekin plazari bi buelta, txingak eramatea bina plaza (ez gurasoen taldeko Iker 50 kilorekin eta gurasoen taldeko Aiora 25 kilorekin) eta korrika lau buelta.
Zortzi jarduera horiek lau alditan egin ondoren, sokatiran hiru tiraldi egin dituzte. Segundo gutxiren aldearekin ibili dira bi taldeak aldi oro, pare-parean. Azkenean, ordea, irabazle ez gurasoak jo dituzte.
Errezilgo produktuekin osatutako saskia ere zozkatu dute Festa Batzordekoek, eta 3.081 zenbakia izan da saritua. Zorteduna, berriz, Gorotzeneko Gorka.
Asteburuko festetako ekintzak herri kirol erronkarekin bukatu dituzte Errezilen. Sanmartinetako egitarauak, baina, segida izango du bihar, etzi eta datorren igandean. Hona egitaraua:
Bihar, astelehena.
- 16:30. Paintball eta puzgarriak, Inguru Abenturaren eskutik.
Azaroak 11, asteartea. San Martin eguna.
- 11:00. Meza.
- Ondoren, kalejira herriko erraldoiekin, musikak girotuta.
- Segidan, hamaiketakoa Borondegin.
- 17:00. Aztikeriak ikuskizuna, frontoian.
Azaroak 16, igandea. Jubilatuen Eguna.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria bertsolariekin eta trikitilariekin.