Errezilgo sanmartinak 2025

Lehiaz harago, haurren krosak errezildarrak batu ditu igande goiz argitsuan

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 9a

Haurren krosa, hamaiketakoa eta kalejira egin dituzte Errezilen, San Martin festen hirugarren egunean. Arratsaldean, bestalde, herri kirol erronka izango da 17:30ean, gurasoak guraso ez direnen kontra.

Ostiralean jaurti zuten Errezilgo festen hasiera iragarri zuen txupinazoa, eta suziri hark bezain azkar egin dute korrika herriko haurrek igande goiz honetan. San Martin jaietako ekitaldi nagusietakoa da haurren krosa, eta herritarrak elizaren inguruan bildu dira korrikalariei animatzera.

Ohi bezala, adinaren arabera banatuta egin dituzte probak, eta zirkuitua luzatu dute korrikalarien adinak gora egin ahala. Hala, HH4 eta HH5 mailakoen kategorian Naia Apalantza eta Beñat Etxeberria nagusitu dira. LH1 eta LH2 mailetakoen artean, Nerea Uzkudun eta Oihan Mitxelena izan dira azkarrenak. LH3 eta LH4 mailan, berriz, Jupp Rieger eta Alize Agirretxe izan dira irabazleak. Azkenik, Sara Etxeberriak eta Alain Urangak altxatu dituzte kopak, LH5 eta LH6 mailako kategorian.

Lasterketak amaitzean, sari banaketa ekitaldia egin dute, eta ondoren, hamaiketakoa izan da parte hartzaileentzat. Indarrak berreskuratu ostean, kalejira egin dute herrian zehar, trikitilarien, buruhandien eta Akerra nahiz Sagarra Errezilgo erraldoien laguntzarekin.

Arratsaldean ere izango da zertaz gozatua Errezilen: hain zuzen ere, herri kirol erronka izango da 17:30ean, gurasoak guraso ez direnen kontra. Honakoa da, bestalde, festa batzordeak hurrengo egunetarako prestatu duen egitaraua:

Bihar, astelehena.

  • 16:30. Paintball eta puzgarriak, Inguru Abenturaren eskutik.

Azaroak 11, asteartea. San Martin eguna.

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, kalejira herriko erraldoiekin, musikak girotuta.
  • Segidan, hamaiketakoa Borondegin.
  • 17:00. Aztikeriak ikuskizuna, frontoian.

Azaroak 16, igandea. Jubilatuen Eguna.

  • 14:00. Jubilatuen bazkaria bertsolariekin eta trikitilariekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide