Talde berdea txapeldun, herritarren arteko kirol erronkan

Intza Trula 2024ko eka. 16a, 21:00

Plaza bete jende jokatu dute gaur arratsean herriko gazteen arteko kirol erronka Errezilen, San Antonio jaien azken egunean. Erronka berdinketan amaituta, sokatira probarekin ebatzi behar izan dute txapelduna.

Ikusmin handia sortu du gaur arratsaldean Errezilen jokatutako herritarren arteko kirol erronkak, eta plaza jendez bete da talde urdinaren eta berdearen arteko lehia bertatik bertara ikusteko. Errezilgo San Antonio jaien azken eguna da gaur, eta lau egunez festa giroan murgilduta egon ondoren, ajeari aurre egin eta lagunartean agurtu dituzte jaiak. Zazpina gaztez osatutako bi talde izan dira aurrez aurre erronkan, eta norgehiagoka oso estua izan bada ere, azkenean talde berdeak eskuratu du garaipena. 

Lau zati jokatu dituzte guztira, eta erreleboak eginda, hainbat proba gainditu behar izan dituzte parte hartzaileek; hala nola bizikletan, ergometroan, lokots bilketan eta korrika jardun dute. Bina zati irabazi ditu talde bakoitzak, eta horrenbestez, azken proba baten bidez ebatzi behar izan dute herri kirol erronkaren txapelduna nor izango zen: sokatira proba jokatu dute horretarako, hain justu. Erronka osoan zehar egin duten moduan, gogor jardun dute bi taldeek azken zatian, baina berdeek lortu dute azkenik garaipena.

Lau egun jarraian, etenik gabe

Errezildarrak San Antonio jaietan murgilduta egon dira ostegun goizean txupina bota zutenetik. Ostiralean, Tapa Tapa trikiti eta pandero eskolako ikasleek ikasturte amaierako emanaldia eskaini zuten jendaurrean, eta, ondoren, herri afariaz eta erromeriaz gozatu zuten.

Atzo, larunbata, bertso bazkaria izan zuten Letea jatetxean, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bertsolariekin eta trikitilariekin batera. Giro aparta nagusitu zen han. Arratsaldean, umeen jolasak, sagardo eta pintxo dastaketa eta Iratzar taldearen erromeria izan ziren Errezilen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide