Musikaz blaitu dute Errezil

Intza Trula 2024ko eka. 15a, 09:30

Atzo, ostirala, Tapa Tapa trikiti eta pandero eskolako ikasleek ikasturte amaierako emanaldia eskaini zuten Errezilgo San Antonio jaietan. Gaur, jaietako hirugarren egunean, bertso bazkaria, umeen jolasak, sagardo eta pintxo dastaketa eta erromeria dituzte antolatuta.

Errezildarrak San Antonio jaietan murgilduta daude ostegun goizean txupina bota zutenetik, eta, atzo, Tapa Tapa trikiti eta pandero eskolako ikasleak izan ziren protagonistak. Izan ere, 18:30ean, ikasturte amaierako emanaldia eskaini zuten gurasoen eta lagunen aurrean, euriari aurre eginez. 

Iluntze partera, berriz, gaztetxoen dantza emanaldia, herri afaria, eta Itzal taldearen eskutik erromeria izan zituzten herrian, haurren zein helduen gozamenerako.

Gaur, larunbata, jarraituko dute San Antonio jaietako egitarauarekin. Eguerdian bertso bazkaria izango da Letea jatetxean Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bertsolariekin eta trikitilariekin. Arratsaldean umeen jolasak egingo dituzte, eta jarraian sagardo eta pintxo dastaketa antolatu dute, Trikitxotx sagardotegi mugikorraren eskutik. Iluntzean dantzarako tartea izango da, Iratzar taldearen erromeriarekin. Bihar, igandea, agurtuko dituzte jaiak, datorren urtera arte.

Honakoa da gaurko eta biharko egitaraua:

Gaur, larunbata

  • 14:00. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bertsolariekin, eta Julen eta Elaia trikitilariek girotuta. Txartelak Letea jatetxean, Borondegin eta dendan eskuratu daitezke ekainaren 11ra bitartean, 26 eurotan.
  • 17:00. Ume jolasak.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa Trikitxotxen eskutik. Helduak 15 euro eta haurrak 7 euro.
  • 23:00. Iratzar taldearekin erromeria.

Bihar, igandea

  • 12:00. Herriko haurren esku pilota txapelketako finalak.
  • 14:00. Paella jana. Ekainaren 12a baino lehen izena eman beharko da Borondegin. Helduak 10 euro eta haurrek 7 euro. 
  • 18:30. Herritarren arteko kirol erronka. * Egun guztian zehar Zampano garagardoa dastatzeko aukera izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide