Txikiak izanagatik, asmo handiak dituzte Beizaman

Urtzi Oteiza eta Maddi Txintxurreta 2025eko urriaren 10a

Beizaman etorkizunera bidean egin dituzten urratsek oinatza utzi dute Europan. New European Bauhaus sariak despopulazioaren kontra jarraitzeko indarrak eman dizkie herritarrei.

Bruselan irailaren azkenengo asteburuan jasotako aitortza asimilatzen ari dira oraindik Beizaman. Zelatan den despopulazioari aurre egitea eta herriak etorkizuna izan dezan lortzea helburu, azken urteetan hainbat instituzio eta herritar inplikatu dira Bizi Beizama proiektuan, eta ahalegin horrek Europako Parlamentura eraman ditu, New European Bauhaus saria jasotzera. Pedro Otaegi alkateak, Xabier Rezabal udaleko arkitektoak eta Igone Arruti beizamarrak ilusioz hartu dute saria, indarra eman baitie Beizamaren alde lanean segitzeko.

Ilusioz bezala, "sorpresaz" jaso zuten Bauhaus saria, Rezabalek aitortu duenez: "Aurkeztu ginen lehiaketara pentsatuz ez genuela aukera gehiegi izango, eta sekulako sorpresa izan zen 30 finalisten artean egoteko aukeratu gintuztela jakitea. Hara joan eta lehenengo izena gurea izatea... Ez da erraz asimilatzen, baina oso gustura hartu genuen saria".

Europan trantsizio ekologikoaren irizpideen baitan garatzen ari diren eraikuntza proiektuak aukeratzen ditu New European Bauhaus lehiaketak, eta Rezabalek azaldu duenez, epaimahaiak "eraikuntzen edertasuna, partaidetza eta jasangarritasuna" hartzen ditu kontuan sariak banatzeko orduan. "Bizi Beizama proiektuak baldintza guztiak betetzen ditu", ziurtatu du.

Guztira, hamasei etxebizitza berri egiteko aukera dute Beizaman. Alokairu sozialera bideratuko dira hamabi, eta tasatuak izango dira gainontzeko laurak

Bizi Beizama despopulazioaren erronkari erantzuteko sortu zuten, eta horren barruan, Eusko Jaurlaritzak garatutako Ongi Etorri Beizamara egitasmoaren bidez alokairuko hamabi etxebizitza sozial eraikitzea da ardatz nagusia. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorlur foru sozietatearen bitartez eta Urkome landa garapenerako elkartearekin nahiz udalarekin elkarlanean, herrian beste lau etxebizitza tasatu eraikitzeko proiektua du esku artean. Orotara, beraz, hamasei etxebizitza berri egiteko aukera du Beizamak, lagundu asmo dutenak herrira biztanleak erakartzen eta bertan finkatzen, komunitate bizitza biziberritzen eta aukera ekonomiko berriak sortzen.

Erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa dute Beizaman horrelako egitasmo bat garatzeko, udalak, berez, ez duelako baliabiderik hamasei etxebizitza berri egiteko. "Diruz justu ibiltzen gara", esan du alkateak. "Herri hauetako arazorik handiena ekonomikoa izaten da –baietsi du Rezabalek–. Herri handiek baliabide gehiago izaten dituzte, eta horrek gauzak aurrera eramatea errazten du. Beizama bezalako herri txiki batean diru sarrerak murritzak dira; horregatik, lurrak erostea zaila da eta diru laguntzarik gabe urbanizazio lanak egitea ezinezkoa da. Horregatik, aldunditik errepidea egiteko edo lurrak erosteko eman dituzten laguntzak garrantzitsuak dira, baita Eusko Jaurlaritzak eta Etorlurrek etxebizitzak eraikitzeko egin duten apustua ere. Laguntza horiek ezinbestekoak dira horrelako herri txiki batentzat".

Laguntza horiek bezainbesteko garrantzia du, Igone Arrutiren ustez, Beizamako herritarren inplikazioak, horrelako proiektuak egin ahal izateko ezinbestekoa baita norbere buruarengan sinistea. "Ez badugu sinisten posible dela horrelako herri bat aurrera ateratzea, alferrik ari gara lanean. Kanpotik zaila da gu salbatzera etortzea, guk gure burua zaindu behar dugu", aldarrikatu du.

Ongi Etorri Beizamara egitasmoaren barruko hamabi etxebizitzen sustapenak lizentzia dauka jada, eta exekuzio proiektua aurkeztu behar dute orain. Beste lau etxebizitzak eraikitzeko lurrak erosita ditu Etorlurrek, eta proiektua garatzen ari da. "Hurrengo pausoa da etxebizitzak lehenbailehen eraikitzen hastea", esan du Rezabalek. "Eraikuntzako epeak beti luzeak dira", agertu du arkitektoak, eta aurreikusi du 2027 eta 2028 artean etxebizitza horiek guztiek eraikita egon behar luketela.

Nola edo hala, eutsi

Despopulazioaren mehatxuaren aurrean erresistentzian bizi den Galia da Beizama. Eta etorkizunean ere bizi nahi badu, beharrezkoa du Bizi Beizama bezalako proiektuak bultzatzea, herri txikiak husteko joeraren kontra egin ezean, desagertzera kondenatuta baitago. Hala uste du, bederen, alkateak: "Etxebizitzarik ez badago, bertako gazteak ezin dira bertan geratu. Baserriak ere husten ari zaizkigu. Beizama azaleraz oso handia da, baina Gipuzkoako bigarren herri txikiena da. Honi nola edo hala eutsi behar diogu, eta horrelako neurririk hartzen ez badugu, Beizama desagertzeko zorian egon daiteke. Beizamagatik edozer gauza egingo dugu, eusten saiatuko gara alde guztietatik".

Herrira biztanleak erakartzea, komunitate bizitza biziberritzea eta aukera ekonomiko berriak sortzea dira Bizi Beizama egitasmoaren helburuak

"Gu txikitasunetik aritzen gara beti, oso herri txikia gara. Edozein aitzakia behar izaten dugu Beizama mapan kokatzeko, eta oraingo honetan begira noraino iritsi garen. Herria aurrera ateratzeko jakin egin behar da non dagoen, eta honek lagunduko digu", adierazi du Arrutik. Hori dela eta, 130 biztanleko herri batean garatutako egitasmo batek Europa mailako saria jasotzeak badu bere garrantzia, eta herrian gustura eta ilusioz hartu dute albistea, beizamarrak baieztatu duenez. Zeren, haren ustez, Bruselatik aitortza jasotzeak zera erakusten du: "Txikiak eta gutxi izan arren, bagarela eta bagaudela".

Orain, bidea urratzen segitzea dagokie beizamarrei. "Inportanteena orain dator. Ea etxebizitza horiek eraikitzen diren eta lortzen dugun gure herri honi, ahal dugun neurrian, eustea. Ea Beizama bizitzen dugun", agertu du Arrutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide