Bizi Beizama proiektua saritu dute New European Bauhaus sari ospetsuetan

Nerea Uranga 2025ko ira. 30a, 18:59

Europako NEB sarietan herri txikietako saria jasotzen Beizamako Udaleko ordezkaria (eskuinetik aurrena).

Bizi Beizama proiektuak herri txikien sailean Europa mailako saria jaso du. Bruselan, Europako Parlamentuan egin dute sari banaketa ekitaldia eta bertan izan dira Beizamako Udaleko, Urkomeko eta Etorlurreko ordezkariak. Nazioarteko aitortza jasota "oso gustura" daudela adierazi du Pedro Otaegi Beizamako alkateak, eta saria pizgarri dela Beizamako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko.

Bizi Beizama proiektuak New European Bauhaus sari ospetsuetan herri txikien saileko saria jaso du, gaur Bruselan Europako Parlamentuan egin duten sari banaketa ekitaldian. Sari horrek herri txikietan jasangarritasuna, estetika eta gizarte kohesioa uztartzen dituzten egitasmo berritzaileak saritzen ditu. Bizi Beizama proiektuaren eragina eta originaltasuna saritu dute, eta horri esker 30.000 euroko sari ekonomikoa nahiz Europako Batzordeak emandako komunikazio-paketea jaso ditu.

Saria jasota "nazioartean jasotako aitortza" izan dutela eta horrekin "oso harro" daudela adierazi du Pedro Otaegi Beizamako alkateak. "Sari hau pizgarri bat da gure bizilagunen bizi kalitatea hobetuko duten eta etorkizun jasangarriagoa eta guztiontzat irisgarriagoa sustatuko duten irtenbideak garatzen jarraitzeko", gaineratu du pozik Otaegik.

Atzo eta gaur izan dira Bruselan New European Bauhaus sariketako ekitaldiak, eta saio horietan izan dira Bizi Beizama proiektua ordezkatuz Beizamako Udaleko, Urkome landa garapen elkarteko nahiz Etorlurreko ordezkariak.

Bizi Beizama proiektuaren ordezkariak gaur Europako Parlamentuan. (Beizamako Udala)

Bizi Beizama proiektua Beizamaren (130 biztanle ditu) despopulazioaren erronkari erantzuteko sortu zuten, eta horren barruan, Eusko Jaurlaritzak garatutako Ongi Etorri Beizamara proiektuaren bidez alokairuko hamabi etxebizitza sozial eraikitzea da ardatz nagusia. Horrez gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorlur foru sozietatearen bitartez, Urkome landa garapenerako elkartearekin eta udalarekin elkarlanean, proiektu berriak sustatzea du helburu. Azken finean, proiektuaren helburuak dira Beizamara biztanleak erakartzea eta finkatzea, komunitate bizitza biziberritzea eta landa -ingurune batean aukera ekonomiko berriak sortzea; era berean, Beizamako kultura eta natura ondarea zainduz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide