Sansebastianak 2026

Sansebastianetan ez da sokamuturrik izango; karnabaletan, auskalo

Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 17a

Zezena plazan, iazko sansebastianetan. (Aitziber Arzallus)

Zezen Beltzek sansebastianetan eta karnabaletan Azpeitian sokamuturra egiteko aukera aztertzeko eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, baina oraingoz ez du haren erantzunik jaso. Hori horrela, sansebastianetan ez da zezenik ibiliko herriko kaleetan, Eusko Jaurlaritzaren aginduz animaliekin egiten diren ekitaldiak debekatuta baitaude otsailaren 26ra arte. Hala ere, Zezen Beltzek eutsi egiten dio karnabaletan sokamuturra egiteko itxaropenari.

Aurtengo sansebastianetan ez da sokamuturrik izango. Behi aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea saihesteko, Eusko Jaurlaritzak otsailaren 26ra arte debekatuta ditu animaliekin egiten diren ekitaldiak. Foru aldundiak dira debeku horri salbuespenen bat ezarri diezaioketen bakarrak, eta Gipuzkoakoak, oraingoz, ez du horrelakorik egin; Zezen Beltzek eta zezenaren bueltako Euskal Herriko beste hainbat elkartek duela aste batzuk egindako eskaerei erantzun ere ez die egin.

Zezen Beltzek, zehazki, sansebastianetan eta karnabaletan Azpeitian sokamuturra egiteko baimena eskatu zion aldundiari, osasun neurri guztiak bermatuta egiteko modua badagoela argudiatuta. Izan ere, ganadutegi bakoitzak bere egunak izaten ditu, animaliak garraiatzeko bakoitzak bere kamioia erabiltzen du eta etxe desberdinetako animaliek elkarrekin kontakturik ez dute izaten. Gainera, segurtasun neurri gehigarri gisa, ganaduzaleak prest leudeke Azpeitira ekarri behar dituzten animalia guztiei PCR probak egiteko.

Sansebastianen aurretik aldundiaren erantzunen bat espero zuen Zezen Beltzek, baina, oraingoz, zain jarraitzen du. Hala ere, ez du galdu karnabaletan sokamuturra egiteko itxaropena. Izan ere, foru aldundiak joan den astean ekin zion Gipuzkoako behi azienda guztia dermatosi nodularraren kontra txertatzeko kanpainari, eta karnabaletarako oraindik ia hilabete falta dela kontuan izanda, uste du aukerak egon daitezkeela sokamuturra egiteko. 

Eta Zezen Beltz ez da esperantza horri eusten dion bakarra. Tolosako inauterietan ere zezenaren bueltako ekitaldiek izaten dute lekua, eta hango udalak aste honetan adierazi du jaietan zezenen presentzia bermatzeko tramite eta eskaera guztiak bideratu dituela. Ganadua txertatzeko kanpaina hasi izanak debeku egoera irauli dezakeela uste du hark ere, eta festak antolatzen ari da zezenekin egin ohi dituzten ekitaldiak egin ahalko dituztela pentsatuta. Esate baterako, zezen plazara txarangarekin batera sartzeko gonbidapena behar izaten dute herritarrek, eta zabaldu du eskaera egiteko epea.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide