Itxura guztien arabera, eta oraindik Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken baieztapenaren faltan, aurtengo sansebastianetan ez da sokamuturrik izango. Joan den abenduaren 26tik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan debekatuta daude berriro ganadu azokak eta horiekin egiten diren ekitaldiak. Eusko Jaurlaritzak hartu zuen erabakia dermatosi nodularra kutsatzea saihestearren. Behi aziendari eragiten dion gaixotasun biral bat da dermatosi nodularra, intsektuen bidez transmititzen da eta pertsonengan ez du inolako eraginik. Oraingoz gaixotasun horren kasurik ez da agertu Euskal Herrian, baina ez dabil urruti; aurrez, urriaren 24tik azaroaren 30era ere debekatuta egon ziren ganadu azokak eta ekitaldiak.
Oraingo debekua, momentuz, otsailaren 26ra arte egongo da indarrean, baina Jaurlaritzak zehaztutakoaren arabera, foru aldundiek aukera izango dute ekitaldi batzuetan animalien presentzia baimentzeko, betiere dermatosiak eragiten ez dien abereak badira eta segurtasun neurri zorrotzak hartzen badira. Hain zuzen ere, legeak baimentzen duen aukera hori baliatu nahian, Zezen Beltz elkarteak eskaera helarazi zion diputazioari abenduaren 30ean. Eskaera horretan, elkarteak azaltzen du Azpeitian sokamuturra osasun baldintza guztiak bermatuta egiteko aukera badagoela, besteak beste, ganadutegi bakoitzak bere egunak izaten dituelako, animaliak garraiatzeko bakoitzak bere kamioia erabiltzen duelako eta etxe desberdinetako animaliek elkarrekin kontakturik ez dutelako izaten. Gainera, segurtasun neurri gehigarri gisa, ganaduzaleak prest leudeke euren animaliei PCR probak egiteko ekitaldira abiatu aurretik.
Zezen Beltzek ez ezik, zezenei lotutako Euskal Herriko beste hainbat elkartek ere antzerako eskaerak egin dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari, Azpeitiko sokamuturrari bezala, beste hainbat ekitaldiri ere eragingo baitie indarrean den debekuak.
Sansebastianetarako egun gutxi batzuk besterik falta ez direla ikusita, Zezen Beltzek ia ezinezko ikusten du festa horietan sokamuturra egin ahal izatea. Karnabaletarako, baina, itxaropenari eutsi egiten dio, are gehiago jakinda egunotan ekingo diotela Gipuzkoako 42.000 abelgorri inguru txertatzeko kanpainari.