Erreportajeak

Danborradan irteteko aurreko lanak

Urtzi Oteiza eta Nerea Uranga 2026ko urtarrilaren 18a

Danborradan irteteko aurrez hamaika lan egin behar izaten dituzte danbor taldeetako kideek. Horretarako, talde bakoitzak batzorde bat izaten du antolatuta. Loiolatxo elkartearen eta Zezenzaleak danbor taldearen ereduak ezagutu ditu Gukak.

San Sebastian bezperako helduen danborradan 33 taldek parte hartuko dute aurten. Talde horietako ia gehienak soziedade bati lotutakoak dira, baina badira beste batzuk kuadrilla bat edo beste elkartuta sortutakoak, taberna baten biltzen zirelako bertan taldea eratu zutenak edota eragileren bati lotuta danbor taldea osatutakoak. 

Talde bakoitzak danborradarako aurreko prestaketak egiteko bere modua edota funtzionamendua izaten du, bi talderen ereduak ezagutzera jo du Gukak, haien danborradarako nola antolatzen diren jakiteko. Batetik, Loiolatxo soziedadeko danbor taldearen batzordeaz Julen Iparragirrek eta Arantzazu Soraluzek kontatu dute. Eta bestetik, Zezenzaleak taldearen antolaketaz aritu dira Jose Migel Arruti eta Fernando Bereziartua Pikua

Zezenzaleak taldeak 1967. urtetik irteten du Azpeitiko helduen danborradan, eta Bustintzuriko Errebalean zen Pikua tabernan elkartzen ziren bi-hiru kuadrillek sortu zuten. Loiolatxo elkarteko danbor taldeak, berriz, 2011. urtean irten zuen aurrenekoz danborradan, eta sorreratik soziedadeko batzordeak eta danbor taldearenak banatuta jardun dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide