Begi oneko harrera izan du elurteak

Urtzi Oteiza eta Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 7a

Errege egunean botatako elurteak zuriz jantzi ditu gaur, asteazkena, bailarako hainbat txoko. Barnealdeko herrietan, mendialdea ez ezik herriguneetako kaleak ere zuritu dira, eta herritarrek "gustura" hartu dute elurtea.

Asteartean botatako elurtea finkatzen lagundu du gaurko giro hotzak, eta Urola Kostako barnealdean zuri argitu du egunak. Mendialdea bakarrik ez, herriguneetako teilatuak ere elurtu dira, eta izotzak hartu ditu zenbait kaleetako bazterrak Beizaman, Errezilen, Azkoitian eta Azpeitian.

Izarraitz mendilerroak estalki sendoa jantzi du tontorretik magaleraino, baina eguerdirako, Azpeitiko kaleetan elur hondarrik ez zen apenas gelditzen. Elurteak ez du kalterik eragin herrian, ezta oztopo larririk ere errepideetan, hori dela eta, beroki lodi-lodia, bufanda, txanoa eta eskularruak jantzita zituzten herritarrek "gustura" hartu dute Errege eguneko elur-jasak biharamunean utzi duen paisaia berezia.

Azpeitiko plaza zeharkatzen ari zen familia bateko gurasoek ziurtatu dutenez, pertsianak igo eta haurrei elurra erakustea izan da gaur goizean egin duten "lehenengo gauza". "Aspaldi ez genuela horrelakorik ikusten", nabarmendu dute, eta gaineratu Errege egunekoa bezain besteko elur-jasarik ez dutela akorduan.

Haurrak izaten dira elurrarekin gehien gozatzen dutenak, eta zentzu horretan, elurtea jai egunean izatea opari gisa hartu dute askok. "Umeek asko disfrutatzen dute. Eta ikusteko ere polita da, niri asko gustatzen zait", esan du emakume batek. Herritar horrek gaineratu duenez, paisaiak zuritzen direnean baserrian jolasean aritzen dira haurrekin, plastikozko poltsak hartu eta maldan behera txirrist eginez.

"Faltan genuen"

Urteak dira ez dela halako elurte bat izan bailaran, baina garai batean horrelakoak ohikoagoak izaten zirela aipatu du beste herritar batek. "Berezko eguraldia hau da. Elurra ezagutu dugu baserrietan, eta ikusi ditugu izotz pusketak zintzilik erretenetan. Lehen, eguraldia askoz gogorragoa zen. Orain ez ditu horrelakoak egiten, eta faltan genuen", esan du.

Argazkiak: Urtzi Oteiza

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide