Errepresioari elkartasunarekin erantzun diote

Gorka Eizagirre eta Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 28a

Bi prozesu judizialetan auzipetutako 43 herritarrei babesa adierazteko manifestazio batek Azpeitiko kaleak zeharkatu zituen atzo, larunbata. Errepresioaren aurrean elkartasuna artikulatzen jarraituko dutela berretsi zuten antolatzaileek.

Azpeitiko 43 herritar auziperatu dituen "eredu errepresiboari" elkartasunez erantzun zioten herritarrek atzo arratsaldean. Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak Errepresioaren aurrean, klase elkartasuna lelopean deitu zuen manifestazioak jendetza batu zuen; milatik gora, antolatzaileen arabera.

Vox-en kontra protesta egiteagatik ikertuta dauden 20 lagunen nahiz pintaketa baten aitzakian uztailaren 20an izan ziren istiluen harira auziperatu dituzten gainontzeko 23en prozesu judizialak gera ditzatela exijitu zuen protestara batu zen jende saldoak.

19:00etan abiatu zen manifestazioa herriko plazatik, eta errepresioaren aurkako oihuak zabaldu zituzten Azpeitiko kaleetan zehar. Bidean, faxismoaren aurkako nahiz errepresioaren kontrako borrokan parte hartzera deitzen zuten pankartak zintzilikatu zituzten.

Manifestazioa plazan bukatu zuten; han, egoerari buruzko irakurketa egin zuten Azpeitia Errepresioaren Auka plataformako ordezkariek, eta errepresioaren aurrean elkartasuna artikulatzen jarraituko dutela berretsi zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide