Azpeitiko 43 bizilagun auziperatzea eragin duen "eredu errepresiboa" irmoki salatu dute gaur arratsaldean Errepresioaren aurrean, klase elkartasuna lelopean egin duten manifestazioa jendetsuan. Espainiako Vox alderdi ultraeskuindarraren aurka protesta egiteagatik eta Azpeitiko Gaztetxearen urteurrenaren egunean izandako istiluen harira auzipetutako azpeitiarren aldeko babesa artikulatzeko sortutako Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak deitu du protesta, eta erantzun zabala izan du. Ehunka lagunek -milatik gora izan dira, antolatzaileen arabera- 43 herrikideen aldeko elkartasun oihua zabaldu dute.
Vox-en kontra protesta egiteagatik ikertuta dauden 20 lagunak nahiz pintaketa txiki baten aitzakian uztailaren 20an izan ziren istiluen harira auziperatu dituzten gainontzeko 23ak protestaren buruan zirela abiatu da manifestazioa 19:00etan plazatik. Herriko kaleak zeharkatu bitartean, jendetzak Ez, ez, ez, errepresiorik ez! nahiz faxismoaren aurka antolatu! leloak oihukatu ditu, eta bidean, errepresioaren aurkako borrokara batzera dei egiten zuten pankartak eskegi dituzte.
Atzera ere plazara itzuli direnean, gertatutakoari buruzko irakurketa egin dute Xuban Salegi eta Eider Agirre Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako kideek. Herriko 43 bizilagunen kontrako prozesu judizialak bertan behera utz ditzatela exijitu dute. Prozesu horien helburua gazteria "isiltzea eta otzantzea" dela ohartarazi dute, baina horrelako erasoen aurrean "elkartasuna antolatzen" jarraituko dutela ziurtatu dute.
"Faxistak kalean, antifaxistak epaitegietan"
Jakitera eman dutenez, Gaztetxearen 20. urteurreneko gertakariengatik ikertuta dauden 23 herritarrek urtarrilaren 28an eta 29an nahiz otsailaren 25ean eta 26an deklaratu beharko dute epailearen aurrean. Gazte horiek "jazarpen polizialaren eta muntaia mediatiko baten biktima" izan zirela esan dute, eta haien kontrako kriminalizazio kanpaina salatu dute.
"Gainera, ez da kasualitatea hori guztia Gaztetxearen urteurren egunean gertatzea, azken urteetako jendetsuenean. Nola ulertzen da bestela, baltsa jeitsierarako poliziaren presentzia oso handi bat egotea? Edo goizeko 03:00etan gaztetxe aurreko kalean bospasei patruila egotea? Justifika ezin daitekeen zerbait justifikatzera dator orain 23 pertsonak epailearen aurretik pasa behar izatea", deitoratu Salegik eta Agirrek.
Bestalde, argitu dute 2024ko apirilean herritar ugari "modu baketsuan" mobilizatu zirela Vox alderdi ultraeskuinarrak Azpeitira egin zuen bisitaren aurka, eta hala ere, "gogotik ordaintzen" ari direla protesta, 20 azpeitiar deitu baitzituzten deklaratzera. "Baina zein da bestela Frankismoaren oinordekoei, euskararen aurkako eraso sistematikoak egiten dituztenei, indarkeria matxista ukatzen dutenei, etorkinen aurkako erasoak hauspotzen dituztenei egin behar diegun harrera gure herrietan?", galdetu dute.
Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako kideen iritziz, faxismoaren gorakadarekin zerikusia du egoera horrek guztiak: "Faxistak kaleetan dabiltza nahieran, eta hauei aurre egiten dieten antifaxistak, epaitegietan".
Alderdi instituzionalei mezua
Plazan hitza hartu duten bozeramaileen ustez, "Estatu aparatu osoa" da langileen eta beren eskubideen kontra egiten ari diren "eraso sistematikoaren erantzule"; hots, sistema judiziala, hedabideak, polizia eta alderdi instituzionalak; horien artean, EAJ: "Hemen guztiek altxa nahi dute antifaxismoaren bandera. Zer esanik ez EAJk, herri honen jabe dela uste duenak. Baina lehenak dira herriko 43 seme-alaba epailearen aurrean salduta uzten eta hilabeteak irauten ari den kriminalizazio kanpaina aurrera eramaten. Garbi uzten du zer motatako alderdi politikoa den eta noren interesak defendatzen dituen. Guk kriminalizazio saiakerak eta difamazioak ez ditugu pasatzen utziko. Aurrean izango gaituzte".
EAJ bakarrik ez, gainontzeko alderdi instituzionalak ere interpelatu dituzte: "Instituziogintza antifaxista bezalakoak ere barra-barra entzuten ditugu aspaldian, baina geure herrian gertatutakoen ardurak hartzea dago horren aurretik. Eta ikusita VOXeko kasuaren harira 20 herritar daudela ikerketapean, nahikoa garbi geratzen da faxismoa geldiarazteko formula horrek zenbat balio duen".
Antolatzearen garrantzia
Xuban Salegik eta Eider Agirrek argi esan dute: "Garaiak aldatu dira, baina errepresioak hor jarraitzen du", desmobilizazioa, beldurra zabaltzea, ekonomikoki itotzea, oinarrizko askatasunak deuseztatzea eta antolakuntza bera zigortzea bilatuz. "Izan ere, estatuak autoritarismorantz jotzen duenean, protesta eskubidea, adierazpen askatasuna edota antolakuntzarako eskubidea desagertzen dira, faxismoak eta inpunitate polizialak kaleak hartzen dituzten bitartean", azpimarratu dute.
Faxismoa eta autoritarismoa indartzen ari diren honetan, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak ezinbestekoa ikusten du antolakuntza independentea eta elkartasuna saretzea. Hori dela eta, aurrerantzean ere Azpeitiko 43 auzipetuei babesa emateko lanean jarraituko duela ziurtatu dute plataformako kideek.