Trikiti eta bertso artean agurtu zuten atzo arratsaldean Juan Ezenarro Berastegi pandero jotzailea sorterrian, Azpeitian, eta Soreasuko Sebastian Deunaren parrokia txiki geratu zen haren aldeko hiletan, trikiti munduko eta gertuko jende andana bildu baitzen musikariari azken agurra emateko eta hura omentzeko.
Sebastian Lizaso bertsolariak bertsoa bota zuen elizan bertan, eta trikiti pieza bat ere jo zuten han bildutako soinu eta pandero jotzaileek. Elizkizunaren amaieran, berriz, parrokiaren ataria bildu ziren trikitilariak, eta haiek hildako lagunei eskaini ohi dieten pieza jo zuten. Hilkutxaren gainean pandero bat zuela agurtu zuten Berastegi.
Astelehenean hil zen Ezenarro, 83 urterekin. Musikari azpeitiarrak trikitiari lotuta eman du bizia; tartean, Kupela taldeko bateria jotzailea izan zen hainbat urtez. Izarraizko Berastegi baserrian sortu zen Ezenarro, eta gaztetatik izan zuen gertu trikitiaren mundua. Soinua jotzen hasi zen, baina hark esana da, aitak ez zuela instrumentu hori begiko, eta hormaren kontra bota zuela. Gerora, panderoa hartu zuen, baita bateria ere. Iñaki Garmendia Laja zenak animatuta hasi zen bateria jotzen Berastegi 47 urterekin, eta Kupela taldearekin oholtzaratu zuen instrumentu hori hamabi urtez, Xabier Alberdi Zabale eta Angel Larrañagarekin batera.