Trikiti eta bertso doinuen artean agurtu dute Juan Ezenarro 'Berastegi'

Andoni Elduaien 2025ko abu. 26a, 20:02

Soinu eta pandero jotzaileak Berastegiri trikiti pieza eskaintzen, parrokia atarian. (Andoni Elduaien)

Trikiti munduko eta inguruko lagun ugari elkartu da gaur arratsaldean Azpeitiko Soreasuko Sebastian Deunaren parroki elizan egin duten elizkizunean, atzo hil zen Juan Ezenarro Berastegi pandero jotzaileari agurra emateko. Omenaldi kutsua izan du elizkizunak, trikiti eta bertso doinuak eskaini baitizkiote Ezenarro zenari. 

Gaur eman diote azken agurra Juan Ezenarro Berastegi (Azpeitia, 1941) pandero jotzaileari. Trikiti munduko eta gertuko jende andana bildu da arratsaldean Soreasuko Sebastian Deunaren parrokian pandero jotzailea agurtzeko; izan ere, eliza goraino bete dute hari agur egitera joan direnek.

Agurrak omenaldi kutsua izan du. Eliza barruan, batetik, bertso bat abestu du Sebastian Lizaso bertsolariak, eta bestetik, trikiti pieza bat jo diote han bildutako soinu eta pandero jotzaileek. Elizkizunaren amaieran, berriz, parrokiaren ataria bildu dira trikitilariak, eta haiek hildako lagunei eskaini ohi dieten pieza jo dute. Hilkutxaren gainean pandero bat zuela agurtu dute Berastegi.

Ezenarro atzo hil zen, 83 urte zituela. Musikari azpeitiarrak trikitiari lotuta eman du bizia; tartean, Kupela taldeko bateria jotzailea izan zen hainbat urtez. Izarraizko Berastegi baserrian sortu zen Ezenarro, eta gaztetatik izan zuen gertu trikitiaren mundua. Soinua jotzen hasi zen, baina hark esana da, aitak ez zuela instrumentu hori begiko, eta hormaren kontra bota zuela. Gerora, panderoa hartu zuen, baita bateria ere. Iñaki Garmendia Laja zenak animatuta hasi zen bateria jotzen Berastegi 47 urterekin, eta Kupela taldearekin oholtzaratu zuen instrumentu hori hamabi urtez,  Xabier Alberdi Zabale eta Angel Larrañagarekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide