Aurreko bi asteburutan festetako hainbat ekitaldi izan ondoren, bart hasi zituzten ofizialki Urrestillako sanjoanak. Azken urtean jaiotako haurrei ongietorria egin ondoren, pregoia irakurri eta herri afaria egin zuten plazan. Segidan, lizarra sartzea eta San Joan sua egin zituzten.
Gero, goizaldera arte segitu dute herritarrek festan, usadioari jarraituz, San Joan bezperan ohikoa den legez, Laket taldeak erromeriarekin.
Gaur, San Joan eguna
Gaur ere festetako egun handia dute Urrestillan. San Joan egunez, trikitilariek kalejira, prozesioa, meza, buruhandien kalejira eta kontzertuak izango dira. Bihar, berriz, San Joan Txiki eguna ospatuko dute, eta sagardo dastaketa eta mus txapelketa izango dira protagonista.
Festetako azken eguna, San Joan Hirugarrena, ospatuko dute etzi, eta patata tortilla lehiaketa egin ondoren botako dute atzo sartu zuten lizarra.
Hona hemen datozen egunetako egitaraua:
Gaur, San Joan eguna
- 09:00. Trikitilari gazteen kalejira.
- 12:00. Prozesioa eta meza.
- 13:15. Buruhandien kalejira.
- 19:00. Kontzertuak: Andoni Ollokiegi, Labankada eta DJ Fury.
Bihar, San Joan Txiki eguna
- 12:30. Sagardo dastaketa.
- 14:00-14:45. Mus Txapelketarako izen-ematea.
- 15:15. Mus Txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Merienda.
Ekainak 26, osteguna, San Joan Hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.