Lizarra sartuta, sanjoanetan murgildu dira Urrestillan

Urtzi Oteiza 2025ko eka. 24a, 09:14

Asteburuko ekitaldiei jarraituz, gauerdian sartu dute Urrestillako jaien ikurra den lizarra plazan. Herri afarian dozenaka lagun elkartu ziren, baita ondoren zuhaitza sartzeko ekitaldian nahiz suaren bueltan ere. Gaur, San Joan eguna, festa izango da nagusi, eta bihar nahiz etzi ere bai.

Asteburuan-eta beroketa lanetan aritu ostean, bart hasi zituzten ofizialki Urrestillako sanjoanak. Errituari segituz, lizarra sartu zuten gauerdian plazan, eta ondoren, suaren bueltan dantzan aritzeko parada izan zuten herritarrek.

Dena den, gauerdia baino lehen hasia zen festa giroa Urrestillan. Izan ere, herri afaria egin zuten dozenaka lagunek. Haurrak, gazteak nahiz helduak, kamiseta beltzak soinean eta zapi gorriak lepoan, mahaiaren bueltan elkartu ziren denak.

Goizaldera arte segitu dute herritarrek festak, usadioari jarraituz, San Joan bezperan ohikoa den legez, Laket taldeak erromeria eskaini baitzuen.

Gaur segida

Gaur ere festetako egun handia izango da Urrestillan. San Joan egunez, trikitilariek kalejira, prozesioa, meza, buruhandien kalejira nahiz kontzertuak izango dira. Bihar, berriz, San Joan Txiki eguna ospatuko dute, eta sagardo dastaketa eta mus txapelketa izango dira protagonista.

Festetako azken eguna, San Joan Hirugarrena, ospatuko dute etzi, eta patata tortilla lehiaketa egin ostean botako dute bart sartu duten eta jaien ikurra den lizarra.

Hona hemen datozen egunetako egitaraua:

Bihar, San Joan eguna

  • 09:00. Trikitilari gazteen kalejira.
  • 12:00. Prozesioa eta meza.
  • 13:15. Buruhandien kalejira.
  • 19:00. Kontzertuak: Andoni Ollokiegi, Labankada eta DJ Fury.

Etzi, San Joan Txiki eguna

  • 12:30. Sagardo dastaketa.
  • 14:00-14:45. Mus Txapelketarako izen-ematea.
  • 15:15. Mus Txapelketa.
  • 16:00. Puzgarriak.
  • 17:30. Merienda.

Ekainak 26, osteguna, San Joan Hirugarrena

  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
  • Ondoren, zuhaitzaren entierroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide