Sarraski taldeak irabazi ditu Kuadrillen Arteko I. Olinpiadak

Mailo Oiarzabal - Andoni Elduaien 2024ko abu. 2a, 11:28

Sei kuadrillak parte hartu zuten saninazioetan aurrenekoz jokatu zuten Kuadrillen Arteko I. Olinpiadan. Hiru proba jokatu zituzten kanporaketa eran, eta Sarraski taldeak irabazi zituen proba guztiak. Giro ona nagusitu zen atzo arratsaldean Frontoi Txikian, bai parte hartzaileen bueltan, bai ikusleen artean.

Saninazio bigarrenez, atzo jokatu zuten Haujijijaik antolatutako Kuadrillen Arteko I. Olinpiada, Frontoi Txikian. Hasiera batean, zazpi kuadrillak eman zuten izena lagunarteko lehiarako. Etxezuriko Albondigak taldekoek, baina, kale egin zuten, eta azkenean sei izan ziren olinpiadetan parte hartu zuten lagun taldeak: Sakona, Gaztiek, Lundo, Sarraski, Urrats eta Goxotasun. Lau mutil kuadrilla, eta bi neska kuadrilla. Gogotsu ziren parte hartzaileak erronkaren atarian, Sakona eta Lundo taldekoak horren adibide:

Askotariko probak egin behar izan zituzten hasieran; esaterako, frontoia bi kaxen gainean lurra ukitu gabe gurutzatu, gero Iturri Txiki ludoteka parera korrika joanda zapia hartu, eta proba amaitzeko, frontoian upelarekin joan-etorria egin. Lehen proba jokatu eta gero, olinpiadetatik kanpo gelditu ziren Lundo eta Urrats kuadrillak, eta gainerako lau taldeen artean zozketa eginda bi talde osatu zituzten, finalerdiko proba bi taldek beste biren aurka jokatzeko. Sarraski eta Gaztiek taldea aritu ziren batetik, eta Goxotasun eta Sakona, bestetik. 

Sarraski eta Gaztiek nagusitu ziren sokatiran egindako bi tiraldietan, eta bi kuadrrila horiek jokatu zuten finala. Luduzka edo baloi errea izeneko probarekin erabaki behar izan zuten lehia. Bideoko irudietan ikusten den moduan ez zen emoziorik falta izan, eta azkenean, Sarraski taldeak irabazi zituen lagun giro ederrean jokatutako olinpiadak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide