Ekitaldi erauntsia lanbropean, San Inazio bigarrenaren arratsalderako

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 1a, 20:33

Kuadrillen Arteko I. Olinpiadak ikusmina piztu du eta betekada polita hartu du Frontoi Txikiak. Bigarren zezenketa, bigantxak, xaboi burbuilen festa eta Los Pasai txarangaren zein Elektrotxufla elektrotxarangaren musika izan dira arratsaldeko beste aukerak.

Loiolako ekitaldi ospetsua eta XIII. Bakailao Txapelketaren bueltako festa atzean utzita, eguerditik aurrera orain apalagao, orain biziago baina ia etengabe busti duen lanbroak festa itxura kendu die bazkalondoan Azpeitiko kaleei. Arratsaldeko azken orduetan atertzeko intentziorik ez zen sumatzen, baina pixkanaka berreskuratu dute kaleek festa usaina, festetako ekitaldi erauntsiarekin batera.

Gaur, berrikuntza Frontoi Txikian egon da, han jokatu baitute Haujijijaik antolatutako Kuadrillen Arteko I. Olinpiada. Zazpi kuadrillak eman dute izena lagunarteko lehiarako, baina Etxezuriko Albondigak taldekoek kale egin dute, eta azkenean sei izan dira kirola eta jolasa uztartu dituen erronkan parte hartu duten kuadrillak: Sakona, Gaztiek, Lundo, Sarraski, Urrats eta Goxotasun. Lau mutil kuadrilla, eta bi neska kuadrilla. Talde mistorik ez da aurkeztu baina, hara non, azkenean urrezko domina irabazi zuen Sarraskikoek lau kiderekin lehiatu duten, gainerako talde guztietan bost aritu direnean; eta finalean, Sakona kuadrillako neska batekin taldea osatu, eta irabaztea lortu dute. Kuadrilla Arteko I. Olinpiadak ikusmina piztu eta giro ederra sortu du, eta betekada polita hartu du Frontoi Txikiak.

Zezenketazaleak zezen plazara bidean jartzerako eta olinpiadak hasterako, frontoi alboan, bigantxen aurtengo azken saioa egin dute; lanbroa tarteko, ez da aurrekoetako jendetzarik batu. 19:00etatik aurrera, berriz, xaboi burbuilak nagusi izan dira Olazko Andre Mariaren plazako eszenatokiaren aurrean; haurrek beraiek sortutako burbuila txikiz, ertainez, handiz eta erraldoiz bete da inguru hura.

Kalea girotzeko musikarik ere ez da falta izan. Txaranga eta elektrotxaranga aukeran izan dituzte festazaleek, Los Pasairekin eta aurten herrian bertan bigarrenez Euskal Herriko Elektrotxaranga Txapelketa irabazi duen Elektrotxufla taldearekin.

Azken txanpakoak

Azken txanpan sartzera doaz saninazioak. Hauek dira gaurkoa osatzeko gelditzen diren festa ekitaldiak, eta biharko azken egunerakoak:

- 22:00. Burbuila magikoen ikuskizuna, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 22:00. Kontzertua: Balloon Frame taldea, txosnetan.
- 23:30. Kontzertua: Zetak, plazan.
- 01:00. Kontzertua: Tatta & Denso, txosnetan.
- 02:30. Kontzertua: Kaparrak taldea, txosnetan.
- Ondoren, Atenenas DJa, txosnetan.

Bihar, ostirala. San Inazio hirugarrena.
- 06:00. Incansables txaranga.
- 07:00. Bigantxak, Done Jakue kalean.
- 12:30. Arratsaldeko zezenketarako zezenen aukeraketa, zezen plazan.
- 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
- 19:00. Deiadar txaranga.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide