Azkoitiko udalbatzarrak

Oñartxo zabortegiko lixibatuen tratamenduaren afera, beste behin udalean eztabaidagai

Ane Olaizola

Zabortegiaren lixibatuen tratamenduaren zerbitzua finantzatzen jarraitzeko, datorren urterako 63.016 euroko konpromiso kreditua onartu zuen udalbatzarrak atzo. Auzitegi Gorenak lixibatuen ardura Azkoitia Lantzenena dela ebatzi ondoren, halabeharrez egin beharreko ordainketa gauza dadin, abstentziora jo zuten EH Bilduk eta Azkoitia Baik. Egungo egoera 2008an egindako "akats larriaren ondorio" dela esan zuen Altunak, eta "akatsa" onartzeko eskatu zuen Etxanizek. 

Askotariko kreditu transferentziek eta Indarkeria Marxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko zein datorren ostegunean izango den Euskararen Eguneko adierazpenek hartu zuten azaroko udalbatzarra atzo arratsaldean Azkoitian, udalbatza osatzen duten bi ordezkariren hutsuneekin —EH Bilduren Iraitz Otaño eta PSE-EEren Janire Igoa—, eta koalizio abertzaleak aurrerantzean izango duen kide berriarekin. Nagore Orbeak utzitako lekua ordezkatuko du Itsaso Mendizabalek, eta atzo hartu zuen kargua. 

Udalbatzarrean, Hierros Eguino enpresarena izan zen Oñartxo zabortegiak eragindako afera luzea mahai gainera eraman zuen beste behin udalbatzak, hango lixibatuen tratamenduaren zerbitzua finantzatzeko konpromiso kreditua onartzea egokitu baitzitzaien udal ordezkariei. Izan ere, 2008an zabortegiaren lurrak Azkoitia Lantzenek erosi zituenetik, sozietate publiko horrek du lixibatuen tratamendua egiteko ardura, eta horretarako hitzarmena sinatu ohi dute Azkoitia Lantzenek eta haren bazkidetza osoa duen Azkoitiko Udalak. 

Ana Azkoitia alkateak gogoratu zuen, azkenengoz duela lau urte sinatu zutela hitzarmen hori, eta orain beste urtebeterako luzatuko dutela; Azkoitia Lantzenek dagoeneko onartuta du luzapena, eta udalak, dekretuz onartu beharra du. Erakundeak urtero 95.000 euroko diru partida gorde ohi du udal aurrekontuetan, eta datorren urteko kontuetarako ere hala egingo dute. Udalak dekretuz hitzarmena luzatu ahal izateko, ordea, kredituak jada eginda egon behar duela azaldu zuen alkateak, eta horregatik bozkatu zuten datorren urterako 63.016 euroko konpromiso kreditua onartzea. 

Azkoitia Bai zein EH Bildu abstenitu egin ziren erabaki horretan, udala 2008an hartutako "erabaki txar baten ondorioz" ari delako azken urteetan kostu horren kargu egiten: "Uste dugu dagoeneko badela garaia okerra onartzeko", esan zuen herri plataformaren bozeramaile Jose Joakin Etxanizek. Ordea, Auzitegi Gorenak ebatzi zuenez lixibatuen ardura Azkoitia Lantzenena dela, halabeharrez egin beharreko ordainketa gauza dadin jo zuten abstentziora bi taldeek. "2008an lurrak erosi zirenetik, prozedura epai bidean egon zen. Auzitegiak esan zuen Azkoitia Lantzeni zegokiola tratamendua ordaintzea, eta ezin dugu horren aurka joan, baina guk ere uste dugu orduan egindako akats larrien ondorioa dela orain bizitzen ari garena", azaldu zuen Asier Altunak, EH Bilduren bozeramaileak. 

Azkoitiak, bere aldetik, zalantza egin zuen 2008an hartutako erabakia "akatsa" izan zen ala ez, baina onartu zuen ordutik erakundeak konpromisoa duela Oñartxo zabortegiaren lixibatuak garbitzeko. Era berean, gogora ekarri zuen zabortegia izan zen lurretan jarduera bat badagoela gaur eguna —Bernardo Ecenarro enpresarena—, eta jarduera horren eraginez, 300.000 eurotik gorako diru sarrerak izaten dituela udalak. "Horrekin ez dut nahi ezer justifikatzerik; esan nahi dudana da gastua bai badaukagula, baina baita diru sarrera bat ere", zehaztu zuen.

Parke estalia, Altzibarren

Beste hainbat transferentzia ere onartu zituzten atzoko bilkuran, eta horien artean, bi milioi euro inguruko kreditu aldaketa. Hain zuzen, aurrekontuetako gerakina erabilita, kopuru horrekin hainbat proiektu jarriko ditu martxan erakundeak: besteak beste, 400.000 euroko partida bat bideratu zuten Altzibar auzoan umeentzako parte estali bat eraikitzeko; Baztartxo antzokia iragazgaitz egiteko eta klimatizazioa berritzeko beste 400.000 euro; Elkargunearen alde zaharreko teilatua "lehenbailehen" konpontzeko 450.000 euro; eta San Martin auzoko aparkalekuaren eta urbanizazio obra amaitzeko, beste 270.000 euro. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzaren bidez Azkoitia Lantzen Txalonerrekan gauzatzen ari den urbanizazio lanen barruan eraiki duten hormak "gainkostua" izan duela eta, horretarako beste ia 500.000 euro bideratuko ditu erakundeak Azkoitia Lantzenera, ondoren, hark ordaindutako gastu osoa Jaurlaritzak itzuliko badio ere.

Bi milioi euro baino gehiago batzen duten bost proiektu horiek batera bozkatu zituzten udal hautetsiek, eta Azkoitia Baik abstentziora jo zuen, hain zuzen, Txalonerrekako urbanizazio lanek izan duten gastuagatik: "Hasieratik esan izan dugu Txalonerrekan egin den horma horretan gastatu den dirua gehiegizkoa iruditzen zaigula, eta orain, hasierako aurrekontua ia bikoiztu egin dela jakinda, are gehiago", esan zuen Etxanizek. 

Mozioak, iritzi truke artean

Udalbatzarraren amaieran, atzoko egunez izan zen Indarkeria Marxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko zein datorren ostegunean izango den Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzional bana onartu zuen udalbatzak, biak ala biak EAJk aurkeztuak eta EH Bildurekin batera onartuak. Ohiko ildoari eutsiz, Azkoitia Baik horien aurka bozkatu zuen, haien edukiarekin ados daudela argituz, baina horien eraginkortasuna zalantzaz jarriz, beste behin.

Hain zuzen, plataformak gogoratu zuen, UEMAren Esnatu adierazpenaren aurka bozkatzeagatik "arduragabeak" zirela esan zietela joan den hilean, eta "errespetu falta" ere leporatu zietela. Atzo, berriz, Etxanizek kontuak eskatu zituen, Elkarguneko ekintza batzuk gaztelania hutsean eskaintzen dituztelako. "Horregatik, galdera zuzen hau: pasa den hilean adierazpen batean idatzitako konpromiso horiek betetzen ari al zarete? Hizkuntza baldintzak benetan txertatzen eta betetzen direla kontrolatzen ari al zarete? Konpromiso horiek udalaren eguneroko jardunean islatzen al dira?".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide