Azkoitiko udalbatzarrak

UEMAren mozioak eztabaida piztu du Azkoitiko udalbatzan

Iraia Oteiza

EAJk eta EH Bilduk euskararen aldeko mozioa babestu dute, eta Azkoitia Bai aurka agertu da. Bestalde, 977.000 eurotik gorako zazpi inbertsio partida sortzea onartu dute aho batez.

Azkoitiko Udalak urriko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkenez, udaletxeko bilkura areto nagusian. Toledoko (Espainia) tren istripuan hildakoei, desagertuta daudenei eta haien senideei babesa adieraziz hasi zuten bilkura, udalbatzako hiru kide falta zirela, tartean, Janire Igoa PSE-EEko hautetsia. 

Lehen puntuan, kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko zazpigarren espedientearen hasierako onespena onartu zuten aho batez. Guztira, 977.410,27 euroko zazpi partida sortzea proposatu zuen udalak, aurreko ekitaldian aurreikusitako zenbait inbertsiotarako dirua berriro bideratzeko.

Ana Azkoitia alkateak azaldu zuenez, 2025ean aurreikusitako hainbat partida 2026ra txertatu zituzten, baina aurten ere ezin izango dira lan guztiak gauzatu. Partida horiek beste urte batera eramaterik ez dagoenez, udalak gerakina erabiliko du diru kopuru horiek berriro bideratzeko. Diru kopuru handienak ikastolako patioa berritzeko (369.000 euro), komun publikoak jartzeko (215.000 euro) eta Txerloiko komun eta aldagelak egiteko (115.000 euro) erabiliko dituzte. Azoka plazaren barrualdea atontzeko 67.000 euro, baserri bideen inbentarioa egiteko 60.000 euro, landa lurrak erosteko 25.000 euro eta udal eraikinen trantsizio energetikorako 124.000 euro ere aurreikusi dituzte.

Azkoitia Baiko bozeramaile Jose Joakin Etxanizek, ordea, zenbait proiekturen atzerapena kritikatu zuen. "Ia bi urte pasa dira partida hauek jarri zirela, eta oraindik batzuekin ez da aurrerapausorik eman", adierazi zuen. Bereziki, landa bideen inbentarioaren egoeraz galdetu zuen, eta zehaztu gabeko zenbait kontu egon arren, partida guztiak onartzearen alde egin zuen. "Ea iraungi aurretik erabiltzen ditugun", gaineratu zuen. EH Bilduk ere aldeko botoa eman zuen. 

UEMAren mozioa, eztabaidan

Bigarren puntuan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Esnatu dinamikaren barruan aurkeztutako mozioa eztabaidatu zuten, euskararen erabilera indartzeko eta konpromisoak hartzeko helburuarekin. EAJk eta EH Bilduk alde bozkatu zuten; Azkoitia Bai, berriz, aurka agertu zen.

Etxanizek azaldu zuenez, bere taldeak ez du mozioen bidez gaiak lantzeko ohiturarik babesten: "Mozio asko irakurtze hutsean gelditzen dira". Hala ere, gaiari buruzko eskaerak lantzeko prest agertu zen, eta argitu zuen aurkako botoa ez dela euskararen aurkakoa, mozioen aurkakoa baizik.

Ana Azkoitia alkateak, aldiz, penaz jaso zuen euskararen aldeko mozioaren aurkako botoa, "kontraesanezkoa" iruditzen zitzaiolako. Asier Altuna EH Bilduko bozeramaileak ere gogor kritikatu zuen Azkoitia Bairen jarrera. Gogorarazi zuen Azkoitia 2023ko abenduan sartu zela UEMAn, eta kezka azaldu zuen herria "arnasguneko herri izatetik erasandako arnasgune izatera" igaro delako. Horren aurrean konpromisoak hartzea beharrezkotzat jo zuen. Altunaren arabera, mozioak gutxiestea ez da bidezkoa euskararen alde lanean ari diren eragileekin; hori horrela, Azkoitia Bairen jarrera "arduragabekeria hutsa" dela esan zuen, eta UEMAn sartzea babestu ondoren haren ekimenen aurka egitea "errespetu falta" dela gaineratu zuen. Bestalde, PSE-EEko hautetsi Janire Igoa falta zen arren, alderdi sozialistak euskararekiko eta UEMArekiko duen jarreraren inguruko kezka ere azaldu zuen. 

Laguntza zerbitzua esleituta

Azkenik, urgentziaz landutako puntu bat izan zuten eztabaidagai ohiko bilkuran; etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua Arreta Zerbitzuak enpresari esleitzea onartu zuten aho batez. Ana Azkoitia alkateak gogorarazi zuen gaia hiru aldiz baino gehiagotan eraman dutela osoko bilkurara.

Kontratuak hiru urteko iraupena izango du, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Zerbitzuaren orduko prezioa 35,27 eurokoa izango da lanegunetan, eta 44,09 eurokoa igandeetan eta jaiegunetan; bi kasuetan, %4ko BEZa barne. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide