San Roke egunarekin batera, Andremaria jaiak iritsi dira erdibidera, nahiz eta oraindik festaz gozatzeko egunak badituzten azkoitiarrek. Gaurkoan ere, goizean goizetik hasi dira festei lotutako ekitaldiak. Udal ordezkariak korporazioan joan dira udaletxetik Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara, Txalkor txistulari taldeko musikariek lagunduta.
Mezaren ostean, dantza izan da protagonista, eta betiko legez, udal ordezkariek aurreskua dantzatu diete herritarrei plazan. Sahatsako kideek, beren aldetik, beste hainbat euskal dantza eskaini dituzte, dozenaka herritar plazan bilduta zirela. Haiek, adi-adi jarraitu dute eguerdiko hitzordua, eta txalo zaparradak eskaini dizkiete dantzari zein ordezkari publikoei. Tarte horretan egindako dantzak biltzen ditu bideoak.