Erraldoi pilotarien erreplika txikiak salgai jarriko dituzte Andre Maria bezperan

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 12a

Azkoitiko erraldoi pilotarien erreplikak, Kontzejupean.

Gomazko bi erraldoi txikiak 11:00etatik 14:00etara eskuratu ahal izango dituzte herritarrek, hogei euroren trukean bakoitza. Halaber, andremarietan lau egunez aterako dira kalera erraldoiak eta buruhandiak, eta horiek egunez egun egingo duten ibilbidea jakinarazi du udalak.

Azkoitiko Udalak erraldoi pilotarien erreplika txikiak salgai jarriko ditu etzi, Andre Maria bezperan, Portaleburu erakusketa aretoan. Gomazko bi erraldoi txikiak 11:00etatik 14:00etara eskuratu ahal izango dituzte herritarrek, hogei euroren trukean bakoitza.

Gainera, Andre Mari jaietan ia egunero aterako dituzte kalera erraldoiak eta buruhandiak, eta udalak zehaztuta dauka egunez egun horiek zer ibilbide egingo duten. Etzi, txupinazoaren ostean hasiko dute kalejira, eta plazatik eliz atarira, Balda plazara eta atzera eliz atarira joango dira. Andre Maria egunean, berriz, 12:00etan aterako dira Gurea pilotalekutik, eta Altzibar eta Jausoro auzoak igarota, eliz atarira joango dira.

San Roke egunez, pixka bat lehenago hasiko dute kalejira: 11:30ean, hain zuzen ere. San Martindik behera, Trenbidearen Zumardia, Julio Urkixo etorbidea nahiz Balda plaza igaroko dituzte. Jaietako azken kalejira hilaren 17an egingo dute erraldoiek nahiz buruhandiek: 12:00etan aterata, Balda plazatik Santa Klarara joango dira, eta handik Plazaberrira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide