Azkoitiko udalbatzarrak

Azkoitiko Udaltzaingoan hutsik diren lanpostuak betetzeko hitzarmena egingo du udalak Arkautiko akademiarekin

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 28a

Gaur-gaurkoz udaltzainen bi lanpostu daude hutsik Azkoitian, eta udalak hitzarmena egingo du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin, egoerari aterabidea emateko xedez. Atzo onartu zuten hitzarmena sinatzea, EAJren, Azkoitia Bairen eta PSE-EEren botoekin; EH Bilduk abstentziora jo zuen, Arkautiko polizia ereduan ez duelako sinesten.

Aspaldiko udalbatzarrik laburrena egin zuten atzo udal ordezkariek. 18:00etan hasi zen maiatzeko ohiko bilkura, eta zortzi minuturen bueltan bukatu zuten saioa, gai zerrendan zituzten puntuak landuta. Ez zen gai potolorik zerrenda horretan, eta beraz, eztabaidarik ere ez zen izan atzokoan. Galdera-erreguen txandan ere ez zuen hitzik hartu alderdietako ordezkarietako inork.

Udalbatzarreko gai zerrendan bazen azken boladan behin baino gehiagotan atera izan den gai bati lotutako puntu bat. Hain zuzen ere, Azkoitian Udaltzaingoaren bi plaza hutsik daude, eta horiek betetzeko, aurreko urteetan gisan, Arkautiko akademiarekin hitzarmena sinatzea proposatu zuen Ana Azkoitia alkateak. Kudeaketa prozesua Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren esku uztea proposatu zuen hark, udalak bere kasa plaza horiek betetzeko prozesurik hasi beharrik izan ez dezan.

PSE-EEko Janire Igoak alkateak hitzarmena sinatzearen alde egin zuen, Udaltzaingoan diren hutsuneak modu "eraginkorrean, gardenean eta koordinatuan" betetzea ahalbidetzen duelako. Halaber, Arkautiko akademiak hautaketa prozesua "bateratua eta kalitatezkoa" izatea bermatzen duela esan zuen. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko bozeramaileak Azpeitiko, Zumaiako eta Getariako udalek herri horietako Udaltzaingoaren lanpostuak betetzeko hasitako prozesua –Arkautitik kanpo egitea erabaki zuten– "garatu gabe" dagoela adierazi zuen, eta "arazoak" izan dituztela jakinarazi. Hori kontuan hartuta, hitzarmenaren alde egin zuen. Dena den, kezka agertu zuen herrietako udaltzainen artean dagoen mugimendua eta haiek duten euskararen ezagutza falta tarteko.

EH Bilduk abstentziora jo zuen, polizia eredu hori ez duela babesten argudiatuta. "Ez dugu kudeaketa gomendio hau babesten, uste baitugu posible dela beste polizia eredu bat garatzea. Izan ere, ikusi besterik ez dago Arkautik zer polizia eredu bultzatzen eta garatzen den".

Alkateak hartu zuen hitza atzera, eta hark esan zuen prozesua egiten den erara eginda ere, formazioa jasotzera Arkautira joan behar izaten dutela udaltzain hautagaiek ere. Haren hitzetan, udalari bidea erraztu egingo dio hitzarmenak, baliabideak euskal poliziaren akademiak jartzen dituelako. "Prozesua udalak egingo balu ere, antzerakoa izango litzateke, frogak-eta Arkautik balioztatu behar dituelako, eta gero, udaltzainek formazioa han egin beharko luketelako". Halaber, euskal polizia ereduaz Eusko Jaurlaritzan hitz egin behar dela esan zuen, eta gaur-gaurkoz indarrean den legeak dioenarekin, udalek hortik aparteko "ezer gutxi" egin dezaketela adierazi zuen.

Azkoitia Baiko ordezkariak esandakoaren harira, prozesua era batera edo bestera egiteagatik ez dela egoera aldatuko esan zuen. "Hizkuntza irizpideak markatuta daude, eta profil hori bete behar dute hautagaiek; etorri direnek, orain arte, egiaztatu dute eskakizuna badutela. Gertatzen dena da, herri denetan bezala, sekula baino jende gehiagok daki euskaraz, baina erabilera ez da guk nahi adinakoa". Horrez gain, herrietako prozesuetara aurkezten diren herritarrei Arkautiko prozesura ere aurkezteko eskatu zien Ana Azkoitia alkateak, prozesuak oso antzekoak direlako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide