Albistegia

"Ekintza hau aurrekari gisa hartzea nahi dugu erakusteko guk badugula borondatea gaztetxea lortzeko"

Maialen Etxaniz-Ane Olaizola 2026ko otsailaren 8a

AGAren azken urteetako eskaera nagusia izan da gaztetxe bat lortzearena, eta horixe berretsi nahi izan zuten atzokoan. Ekintza sinbolikoa izanagatik, aurrekari gisa hartu dute asanbladakoek.

Urola Erdiko Gazte Asanbladen Topaketak probestuta, Azkoitiko Gazte Asanblada plazako espazio batera sartu zen atzo gaztetxe beharra aldarrikatzeko. Goiko Losaren ondoan dagoen espazio batera sartu ziren asanbladako hainbat gazte, eta pankarta bat zintzilikatu zuten, "Gu gaztetxe baten bila goaz, zu bazatoz?" zioen mezuarekin. Atzoko ekintza sinbolikoa izanagatik, aurrekari gisa ulertu dute asanbladakoek, argi utzi baitute gaztetxearen bila doazela. Izan ere, AGAren azken urteetako eskaera nagusia izan da gaztetxe bat lortzearena, eta horixe berretsi nahi izan zuten atzokoan. 

Gazte asanbladako kideen arabera, sei urte daramatzate antolatzeko espazio baten beharra aldarrikatzen. Ordezkari politikoek haien eskaerak baztertu dituztela iritzita, haien kabuz gaztetxea eskuratzeko prest agertu dira. Hori dela eta, herriko gazteei gaztetxearen aldeko borrokara batzeko deia luzatu zieten atzokoan. Haien aldarriak eta eskaerak herriratzeko eskuorriak banatzen aritu ziren atzo herriko kaleetan barrena, eta gaia gizarteratzen jarraituko dutela nabarmendu zuten.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako hamarnaka lagun elkartu zen atzo gaztetxe topaketetan, eta ekintzaren ondotik, aurreikusi bezala borobildu zuten egitaraua, kontzertuekin gozatuz. Ez zen inolako istilurik izan AGAk egindako ekintzaren bueltan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide