Azkoitiko Gazte Asanbladak udalaren espazio bat hartu du plazan, gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 7a

Urola Erdiko gazte asanbladen topaketak baliatuta, hainbat gaztek plazan dagoen espazio publikoa okupatu dute modu sinbolikoan, herrian gaztetxea behar dela aldarrikatzeko. 

Azkoitiko Gazte Asanbladak udalarena den plazako espazio bat hartu du gaur arratsaldean. 19:00etan, hainbat gazte sartu dira Dean tabernaren goialdean eta Goiko Losaren ondoan dagoen udalaren espazio batera, eta gaztetxe bat "beharrezkoa" dutela aldarrikatu dute. Hango balkoitik pankarta bat zintzilikatu dute bi gaztek, zera irakur daitekeena: "Gu gaztetxe baten bila goaz, zu bazatoz?". 

Ekintza sinbolikoa izan da, aurreratu baitute Urola Erdiko gazte asanbladen topaketak amaitzen direnean utzi egingo dutela leku hori. Ordea, azpimarratu dute gaztetxe bat eskuratzeko "prest" direla. Izan ere, ekintza horren aurretik gazte batek komunikatu bat irakurri du, eta adierazi du gazte asanblada "borrokarako prest" dagoela gaztetxe baten alde. 

Urola Erdiko gazte asanbladen topaketak baliatu dituzte gazteek udal eraikin hori okupatzeko. Izan ere, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladetako dozenaka kide zein beste horrenbeste gazte elkartu dira gaur Azkoitian, eta goizetik askotariko saioak izan dituzte, festa giroko ekintzak hausnarketarako zein aldarrikapenerako tarteekin uztartuta. Hain zuzen, gaztetxeei arreta jarrita hasi dituzte gazteek topaketak, Zergatik gaztetxe bat? galderari tiraka solasaldia izan baita goizean Kontzejupean.

AGAren azken urteetako eskaera nagusia izan da gaztetxe bat lortzearena, eta horixe berretsi dute gaur ere gazteek: "Aurten sei urte beteko dira asanblada sortu zenetik, eta hasiera-hasieratik aldarrikatu dugu gazte langileen kontrolpeko espazioen beharra. Bitarte horretan guztian, politikaz eztabaidatzeko tarteak ireki ditugu, aisialdi eredu alternatiboak eskaini, andremarietan egitarau gero eta indartsuagoak antolatu ditugu edota Palestinaren aldeko aldarriak kalera ateratzen ibili gara, erakutsiz Azkoitiko gazteen interesak ordezkatuko dituen eredu bat benetan posible dela antolakuntzaren bidez", esan du bozeramaileak. Ordea, bide horretan,  "beti oztopo berarekin" aurkitu izan direla gaineratu du hark: "Biltzeko espazio egonkorrik gabe jarraitzen dugu eta kalean ibiltzen gara, egunerokotasunean egiten dugun propagandak ez du ezer irauten kaleetan, eta hori gutxi balitz, Azkoitiko gazteok ez dugu gure artean harremanak eraikitzeko lekurik nahiz gure interesekoak diren aisialdi edo kultur eskaintzarik".

Azken urteetan, berriz, "gero eta gazte gehiago" hasi direla antolatzen adierazi du taldeak, izan asanbladetan zein "gaztetxearen aldeko borrokan". Horregatik erabaki dute eraikin publiko hori okupatzea, eta Urola Erdiko gazte asanbladen topaketak "inoiz baino indar gehiagorekin" baliatu nahi izan dituzte gaztetxearen aldeko aldarria mahai gainean jartzeko.

Hori guztia esanda, gazteak eraikin horretara sartu dira hainbat ordutarako, eta aurreikusitako egitarauak bere horretan jarraitu du. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide