Azkoitiko Udalak onartu ditu 2026. urteko udal aurrekontuak. Eztabaida ugari piztu du udal kontuen gaiak azken asteetan, eta, azkenean, atzo, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian egindako ohiko udalbatzarrean onartu zituzten aurtengo kontuak. Udalak, guztira, 18.710.000 euroko aurrekontua izango du, iazkoa baino %1,91 handiagoa. EAJren udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioko alderdi guztien –EH Bildu, Azkoitia Bai eta PSE-EE– abstentzioarekin atera zituen udalak kontuak aurrera. Dena den, 22.108.037 euroko aurrekontu bateratua izango du erakundeak, Elkargunearen 1.158.000 euroko eta Azkoitia Lantzenen 2.240.037 euroko aurrekontuak aintzat hartuta.
Udal aurrekontuen bueltan akordioa ixteak "luze" jo du. Ana Azkoitia alkateak mamitu zituen negoziazio horien nondik norakoak. Haren esanetan, udal gobernuak iazko azaroaren 17an aurkeztu zuen 2026ko aurrekontuaren lehen proposamena, eta egun horren ondoren hasi ziren alderdiak beren artean proposamenak trukatzen. Udal gobernuak bere proiektua aurkeztu ondoren, oposizioko hiru alderdiek azaroaren 27an aurkeztu zituzten beren proposamenak; hain justu, EH Bilduk eta Azkoitia Baik orduan proposatu zuten beren proiektu bateratua.
Abenduaren 3an egin zuten hurrengo batzordea, eta alkateak esan zuen EH Bilduk eta Azkoitia Baik bigarren proposamen bat aurkeztu zutela orduan; 330.000 euroko kostua zuten partida proposamena egin zuten koalizio subiranistak eta herri plataformak, diru kopuru hori zein partidetatik kenduko luketen azalduz. Ordea, Azkoitia alkateak argitu zuen abenduaren 3ko batzorde horren osterako zeudela geldituta EAJko, EH Bilduko eta Azkoitia Baiko ordezkariak, azaroaren 27an egin zuten proposamen horri buruz hitz egiteko, eta, bereziki, oposizioko bi alderdi nagusiek aurkeztutako proposamenaz udal gobernuak prestatu zuen erantzunaz hitz egiteko.
Oposizioko bi alderdi nagusiek proposamen berria aurkeztu ostean, abenduaren 9rako jarri zuten hurrengo hitzordua. Alkatearen arabera, EH Bilduk eta Azkoitia Baik 449.000 euroko proposamen berria aurkeztu zuten orduan. Abenduaren 11n egin zien udal gobernuak proposamen berria, 429.000 eurokoa. Alkateak azaldu zuenez, ordea, oposizioan "nolabaiteko desadostasuna" sortu zen udal gobernuak txertatuko konpromisoei zegokienez, eta orduan aurrekontu proiektu osoa egin zuen berriro.
Proiektu berria idatzita, abenduaren 22rako deitu zuen udal gobernuak batzordea, idatziak irizpena jaso zezan. Oposizioko alderdi nagusiek abstentziora jo zuten orduan, baina alkatearen arabera, haiek ez zuten argitu ezer udalbatzarrean emango zuten botoaz. Egoera horren aurrean, Azkoitiak esan zuen "hasiera-hasieratik" jakinarazi ziela oposizioko alderdiei udal gobernuak aurrekontuetarako adostasunik ez bazuen lortzen, aurrekontuen gaia ez zuela udalbatzarrera eramango.
Abenduaren 22an, baina, arratsaldez, udal gobernuak laugarren proposamena luzatu zien koalizio subiranistari eta herri plataformari, haiek eskatutako zenbatekora iristeko falta ziren 20.000 euroak jartzeko "prest" zeudela esanez, horretarako dirua beste partida bati kenduz. "Abenduaren 23an etorri zen erantzuna, eta esan zuten kentzen zen partidari ez ziotela zentzu handirik hartzen. Eskatzen zena zen, baserri bideetarako 15.000 euroko partida jartzea, komunikaziotik kenduz. Era berean, udal gobernuaren eta oposizioaren konpromiso guztiak kentzea eskatu zen. Ordura arte halakoei buruz ez zenez hitz egin, udal gobernuak hartu zuen erabakia. Abenduaren 23a zen abenduaren 30ean udalbatzarra egin ahal izateko azken eguna, eta egun horretan bertan komunikatu zen ez zela udalbatzarrik egingo".
Urte berrian sartzearekin batera berrartu zituzten negoziaketak hiru aldeek. Alkatearen arabera, udal gobernua 449.000 euro emateko "prest" agertu zen orduan, horretarako konpromisoetatik parrokiari 100.000 euroko diru laguntza ematea kenduz. Nolanahi ere oposizioko alderdiek komunikaziotik 15.000 euro kentzea eta diru kopuru hori baserri bideetara bideratzea eskatu zuten berriro. Azkoitiak jakinarazi zuen udal gobernua "horraino" iritsi zela. "Puntu horretan geldituko ginela esan genien, eta orduan etorri zen adostasuna: batetik, emendakina sartzeko, eta bestetik, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen abstentzioa lortzeko".
Azkoitiak azaldu zuen udal gobernuak "arduraz" jokatu duela. "Gutxiengoan gobernatzeko prest gaude. Ez dut uste gehiengoan egongo bagina bezala gobernatzen dugunik. Aurrekontuak udalbatzarrean aurkezteko ardura gurea zen, eta prest gaude horrek eduki ditzakeen ondorioak gure gain hartzeko. Herritar batek salaketa bat jarri du aldundian eta Arartekoan, eta ikusiko dugu zer etortzen den". Halaber, negoziazioa "muturreraino" eraman dutela azpimarratu zuen. "Eskatutako 449.000 euroak eman direlako. Behin baino gehiagotan esan dut nik; udal gobernu honek ez du nahi oposizioaren aurrekontuekin gobernatzea. Gehiengoa baduzuenez, gobernatu dezakezue elkarrekin".
Oposizioaren abstentzioa
Oposizioko alderdi guztiek kritikatu zuten udal gobernuaren jokabidea, aurrekontuak udalbatzarrera ez eraman izanagatik. EH Bilduko Asier Altuna bozeramaileak azpimarratu zuen EAJren udal gobernua "oposizioaren iniziatiba berria oztopatzeko ahaleginetan" ibili dela, eta horretarako, 2026ko aurrekontuak onartzeko udalaren osoko bilkura deitzeari uko egin ziola. "Ezohiko egoera hau sortzeaz gain, herriaren beharrei aurre egiteko diru partidak ez onartzearen ardura politikoa oposizioari leporatu dio. EH Bilduk, aldiz, ekimena hartu eta arduraz jokatu du", esan zuen hark.
Era berean, aurrekontuak onartzeko adostasuna bazegoela adierazi zuen hark: "Garbi utzi nahi dugu, aurrekontu prozesua EAJren erabakiz luzatu dela, behin eta berriz akordio batetara iristeko zailtasunak areagotu baititu. Izan ere, urte amaieran aurrekontuak onartuak egon beharko luke, EAJk betoa ipini ez balio udaleko gehiengoaren aurrekontu proposamenari". Hain zuzen, Altunak adierazi zuen koalizio subiranistak eta herri plataformak "iniziatiba politikoa" abiatu zutela aurrekontuetarako akordioa lortzeko. Hogei proposamen eta beste hainbat konpromiso barnebiltzen zituen akordioa gauzatu zuten haiek, hala nola prozesu parte hartzaileari, trantsizio energetikoari nahiz klima aldaketaren aurkako neurriei, obrei zien proiektuei eta mugikortasunari zegozkienak. Era berean, emendakin bateratuaren bidez aurrekontuetan txertatu dituzte etxebizitza parkea handitzeko neurriak hartzea eta Kale Nagusia ibilgailu ez motorizatuentzako eta oinezkoentzako lehenestea.
Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxaniz bozeramaileak, bere aldetik, hainbat gakotan azaldu nahi izan zuen aurrekontuen gaiak eman duena. Batetik, oposizioaren bat egiteaz eman zituen azalpenak: "Arrazoia oso sinplea da; izan ere, aurreko urteetan adostutako aurrekontuak behin eta berriz gelditu dira bete gabe. Guk helburu zehatz bat genuen: herriarentzat aurrekontu hobeak lortzea, eta ez taktika politikoa. Gehiengoak aurrekontu hobeak izan arren, negoziatzen jarraitu dugu", esan zuen hark.
Alkateak "legea ez bete" izana salatu zuen Etxanizek. "Udalbatzarra deitzeko derrigortasuna du alkateak, eta hala egin izan balu, aurrekontuak onartu egingo ziren, gehiengo bat bai baitzegoen. Dena den, alkateak legea ez betetzea erabaki zuen, eta ondoren aurrekontuak blokeatzea, demokrazia alde batera utziz eta oposizioari lana egitea oztopatuz. Legea bete ez izanak aurrekontuen luzapena dakar, eta horrek proiektu berrien eta lehendik zeudenen atzerapena, baita izendatutako laguntzena ere". Etxanizen aburuz, herriko alkate batek legea ez betetzea "oso larria" da, baina "interes politikoengatik herritarra kaltetzea, are larriagoa". Nolanahi ere, herri plataformako ordezkariak esan zuen "eskatutako partida guztiak" onartu direla, baita haiek udal gobernuari jarritako "beste baldintza batzuk" ere. "Desadostasun politikoen gainetik, herritarren interesa jarri dugu mahai gainean", esan zuen hark.
PSE-EEko Janire Igoa bozeramaileak, bestalde, "negoziazio zabalagoaren eta pluralagoaren falta" sumatu du. "Gobernu taldeak EH Bildurekin eta Azkoitia Bairekin negoziatzea izan du helburu, talde sozialistari elkarrizketarik eskaini gabe", esan zuen hark. Igoak nabarmendu zuen hamar proposamen aurkeztu dituela alderdi sozialistak aurrekontuetarako, eta gobernu taldeak Azkoitiko Babes Sareari (ABS) diru laguntzarena baino ez diela onartu –EH Bilduk eta Azkoitia Baik ere proposatu zuten ABSri diru laguntza ematea–. "Desberdintasun" horiek egonagatik ere, udal kontuek Azkoitiaren etorkizunerako "izaera estrategikoa" dute PSE-EErentzat, eta zerbitzuak nahiz inbertsioak ez geldiarazteko edo ez blokeatzeko, "abstentzio kritikoa" eman zuen Igoak.
Hona hemen 2026. urteko udal aurrekontuak sailez sail:
|
Batzordea |
2025 |
2026 |
Alderaketa (%) 2025tik 2026ra |
|
Ogasuna eta Pertsonala |
6.636.793 euro |
6.701.965 euro |
0,98 |
|
Hirigintza |
497.500 euro |
671.000 euro |
34,87 |
|
Festak (lehen Kirolak eta Festak saila) |
344.850 euro |
373.350 euro |
8,26 |
|
Kultura eta Gazteria |
1.314.000 euro |
1.341.550 euro |
2,10 |
|
Kirolak |
1.053.000 euro |
1.129.150 euro |
7,23 |
|
Hezkuntza eta Euskara |
277.500 euro |
315.400 euro |
13,66 |
|
Gizarte Ongizatea, Berdintasuna, Immigrazioa |
1.625.570 euro |
1.697.174 euro |
4,40 |
|
Berdintasuna eta Prebentzioa |
217.000 euro |
233.000 euro |
7,37 |
|
Alkatetza |
160.000 euro |
446.000 euro |
178,75 |
|
Lanak eta Zerbitzuak |
3.453.200 euro |
3.225.300 euro |
-6,60 |
|
Udaltzaingoa |
55.200 euro |
55.200 euro |
0,00 |
|
Ingurumena |
2.222.435 euro |
1.959.959 euro |
-11,81 |
|
Sustapen Ekonomikoa |
502.951 euro |
560.951 euro |
11,53 |
|
Guztira |
18.360.000 |
18.710.000 |