2000. urteko azaroaren 1ean hartu zuen Jose Luis Frantsesena organo jotzaile azpeitiarrak Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako Cavaille-Coll organoaren titulartasuna, eta 25 urte geroago, egun berean, aitortu zioten azpeitiarrari mende laurdenean egindako ibilbidea. Gertukoek, herritarrek, udalak eta parrokiako taldeak eskertu dute hark egindako lana. Maisutasunez aritu zen hura teklatuan, eta askotariko errepertorioa eskaini zuen Mariatxen Urkia sopranoarekin batera.