Jose Luis Frantsesena omendu dute, Azkoitiko organoan 25 urte bete dituela eta

Andoni Elduaien 2025ko aza. 2a, 09:34

2000. urteko azaroaren 1ean hartu zuen organo jotzaile azpeitiarrak Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako Cavaille-Coll organoaren titulartasuna, eta 25 urte geroago, egun berean aitortu zioten Frantsesenari mende laurdenean egindako ibilbidea. Gertukoek, herritarrek, udalak eta parrokiako taldeak eskertu dute hark egindako lana.

Jose Luis Frantsesena organo jotzaile azpeitiarra omendu zuten atzo, zapatua, Azkoitian. Atzoko egunez bete zituen musikariak 25 urte Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian dagoen Cavaille-Coll organoan. Hain justu, aurreneko kontzertua eman zuen egun bera baliatu zuen Frantsesenak atzo, 25. urteurreneko kontzertua eskaintzeko; Mariatxen Urkia sopranoarekin batera aritu zen hura, eta jendetza elkartu zuen emanaldiak. Sei abestiko egitaraua aurkeztu zuen bikoteak hasiera batean, baina urteurrena aitzakia hartuta, beste hiru abesti ere eskaini zituzten haiek, parrokian bildutakoen gozamenerako. 

Kontzertuaren amaieran, zutik eta txalo artean hartu zituzten ikus-entzuleek Frantsesena eta Urkia, baina omenaldia harago joan zen; izan ere, ekitaldiaren amaieran lagunek, herritarrek, udalak eta parrokiako taldeak Azkoitian egindako ibilbidea eskertu zioten organo jotzaile azpeitiarrari. Urteurrena aintzat hartuta, Ignacio Arakistain eta Xabier Arana organo jotzaile gazteek beren maisuari aitortza egin nahi izan zioten, eta ekitaldira batu ziren gero Azkoitiko Udala eta Azkoitiko Parrokia.

Felix Azurmendi parrokoak kristau elkarteari egindako ekarpena eta gazteekin egindako maisu edo irakasle lana nabarmendu zituen. Ana Azkoitia alkateak, berriz, Frantsesenaren eskuzabaltasuna eta maisutasuna nabarmendu zituen bere hitzartzean: "Elizkizunetan eta organo kontzertuetan ikusi izan zaitugu 25 urte hauetan, eta organoa jotzeaz gain, ondare gisa zaindu eta zabaldu duzu gure Cavaille-Coll handia. Eskerrak ezin dira neurtu, baina bai urteak, eta 25 urtek esker handia merezi dute", esan zuen alkateak hasteko. Azkoitiak esan zuen azpeitiarrak "buru-belarri" lagundu izan duela udalak antolatu dituen kontzertu guztietan. "Bertako nahiz kanpoko organistei arreta eskaini diezu, herriko ateak zabaldu dizkiezu eta gure ondarea erakutsi diezu. Zure laguntza behar beharrezkoa izan dugu, eta beti egon izan zara behar zenean eta behar zenerako". 

Ordea, parrokian Frantsesenak egindako lana ere nabarmendu zuen herriko alkateak. "Musika egin duzu eta musikak egin zaitu. Musika izan duzu afizio eta ofizio, plazer iturri eta eguneroko ogi. Bizitza musikari eskaintzen diozuenok etengabe ari zarete herriari musika oparitzen; musika opari bat da, eta teklatuan Jose Luis Frantsesena badago, are gehiago. Asko eman diozu herri honi, eta zorretan gaude zurekin. Gaurko keinu hau zor hori arintzeko ahalegin txiki bat baino ez da; txapelik ez dut buruan, baina jakin badakit hau txapela kentzeko momentua litzatekeela. Azkoitia asko maite duzun azpeitiarra zara, eta geratu zaitez gure eskerrarekin eta aitortzarekin. Bikote ona osatzen duzue zuk eta organoak; gaur zilarrezko ezteiak ospatzen dituzue, eta espero dut luzerako izatea ibilbidea. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko".

Ekitaldia Antton Aranbururen bertso batek borobildu zuen; Azkoitiko euskalki ederrean omendu zuen hark Frantsesena. Hona hemen hark abestu zuen bertsoa:

Zoragarria, eder-ederra,
entzun dugun jaialdixe,
txalo berotan amaitzen dugun 
zinezko omenaldixe,
organo soinu ederra, gehi 
zure arte berezixe,
hain da ohore handixe,
harro dago Azkoitixe,
esker onez parrokixe,
beraz, Jose Luis, aitormen hauxe
ondo duzu merezixe,
danentzat Schubert, eta guretzat
Juan Sebastian Bach txikixe
danentzat Schubert, eta guretzat
Azkoitiko Bach txikixe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide