Gipuzkoako Blonda Txapelketa, pintura lehiaketa, herri kirolak eta azoka, Baserritarren Eguneko lehen osagaiak

Maialen Etxaniz 2025ko abu. 17a, 16:15

Azpeitiko Eizmendi baserriak irabazi du Gipuzkoako Blonda Txapelketa, eta, aurrenekoz, blonda haragizko hamburgesak dastatzeko aukera izan da. Goizean zehar, herriko hainbat txoko margotu dituzte Kale Pintura Lehiaketan parte hartu duten artistek. Kirolariek, berriz, eguzki galgatan eskaini dute herri kirol erakustaldia. Baserritarren Eguneko lehen orduek utzi dituzten irudiekin eta adierazpenekin osatutako bideoa da hau.

Azken txapan sartu dira andremariak. Gaur, abuztuak 17, Baserritarren Eguna ospatzen ari dira Azkoitian, eta ohiko osagaiekin hasi dute eguna: azokarekin, kale pintura lehiaketarekin, herri kirol erakustaldiarekin nahiz blonda erakusketa eta txapelketarekin. 

Goizean hasi dute Inazio Iriarte margo lehiaketaren 42. edizioa, eta beharrezkoa den materiala hartuta, herriko hainbat txokotan aritu dira hamabi artista margoketa lanetan.Partaide gehienak Euskal Herriko hainbat txokotatik  hurbildu dira Azkoitira sariketan parte hartzera. Batzuk itzala bilatu dute, eta beste batzuek eguzkiari aurre eginda osatu dituzte lanak. Egun amaieran jakinaraziko dute nor izan den aurtengo sariketaren irabazlea.  

Bitartean, Gipuzkoako XIII. Blonda Txapelketa jokatu dute Plazaberrin. Aurten, guztira, lau abeltzainek parte hartu dute sariketan, Azpeitiko Agite eta Eizmendi baserriek, Aretxabaletako Torrenak eta Orioko Longak, eta Eizmendi izan da gaurkoan nagusi. Berrikuntza bezala, eguerdi partean blonda haragiz eginiko hanburgesak dastatu ahal izan dituzte herritarrek, eta antolatzaileek adierazi dutenez harrera ona izan dute. Blonda haragiari ikusgarritasuna emateko eta herriratzeko egin dute ekimena.  

Plazan, beroa izan da protagonista. Han herri kirol erakustaldia eskaini dute eta harri jasotzen aritu dira Norde, Goenatxo III.a, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza harri jasotzaileek. Aizkoran, berriz, Larrañaga, Corchero, Txikia IV.a eta Mugerza aizkoriak.  

Gainerakoan giro ederra sortu da baserritar egunaren bueltan. Herritar ugari bertaratu da askotriko jakien eta produktuen azokara, eta erraldoiek, buruhandiek eta txistulariek ez dute hutsik egin.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide