Askotariko ekitaldiak, Baserritarren Eguna hasteko

Julene Frantzesena 2025ko abu. 17a, 13:50

Goizetik suma zitekeen festa giroa herrian; izan ere, trikitilariak eta dultzaineroak aritu dira kalez kale giroa alaitzen. Goizean hasi da Inazio Iriarte margo lehiaketa, eta hamabi lagun aritu dira margolanak ontzen. Gipuzkoako Blonda Txapelketa Eizmendi baserriak irabazi du, eta herritarrek gozatua hartu dute herri kirol erakustaldiarekin. 90 urteko herritarrek omenaldia jasoko dute bazkal ostean, eta arratsaldean, helduen dantza suelto txapelketa izango da, besteren artean.

Iritsi da andremarietako laugarren eguna, Baserritarren eguna, deiturikoa. Goizetik suma zitekeen festa giroa herrian; izan ere, trikitilariak eta dultzaineroak aritu dira kalez kale giroa alaitzen. Eguraldiak ere lagundu du, herenengungo bero saparik ez baitu egin gaur.

Goizean hasi dute Inazio Iriarte margo lehiaketaren 42. edizioa, eta beharrezkoa den materiala hartuta, herriko hainbat txokotan aritu dira hamabi partaideak margoketa lanetan. Sari banaketa arratsaldean egingo dute, 19:30ean hain zuzen, Portaleburu aretoan.

Bestalde, Gipuzkoako XIII. Blonda Txapelketa ere izan da Plazaberrin. Askotariko abelburuak eraman dituzte hara lau abeltzainek –Azpeitiko Agite eta Eizmendi baserriek, Aretxabaletako Torrenak eta Orioko Longak–, eta aurtengoa txapelketa izanik, ikusmina piztu du erakusketak. Eizmendi izan da nagusi gaurko lehian, eta harentzat izan da behirik onenaren saria ere. Gainera, eguerdi partean blonda haragiz eginiko hanburgesak dastatu ahal izan dituzte herritarrek. 

Nola ez, erraldoiak eta buruhandiak ere ibili dira kalejiran, Txalkor txistulari taldekoek lagunduta, eta herriko trikitilari hainbat kalez kale aritu dira soinu txikia eta panderoa astintzen. Halaber, 12:00ak jotzearekin hasi da herri kirol jaialdia plazan. Herritar ugari joan dira punta-puntako kirolarien emanaldia ikustera, eta haiek ez dute hutsik egin: izan ere, ederki aritu dria Norde, Goenatxo III.a, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza harriak jasotzen, baita Larrañaga, Corchero, Txikia IV.a eta Mugerza aizkoran ere.

Bestalde, egun handia izan ohi da jubilatuentzat, batez ere urtez urte 90 urte betetzen dituztenentzat. Gaurkoan, mezara joan dira adineko ugari, eta gero, bazkaria egingo dute Elkargunean. Aurten 90 urte egin dituzten 49 lagun omenduko dituzte bazkal ostean, eta horietatik 22 izango dira ekitaldian bertan.

Arratsaldean segituko du festak; izan ere, besteak beste, umeentzako jolasak, bikote helduen dantza suelto txapelketa, mus txapelketa, margo lehiaketako sari banaketa, erromeria nahiz suzko zezena izango dira.

Hona hemen gaur arratsaldeko eta biharko egitaraua:

Gaur, Baserritarren Eguna

  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunean. Bazkal ostean, 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 17:00. Mus Txapelketa txosnagunean.
  • 18:00. Bikote Helduen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 19:30. Inazio Iriarte mago lehiaketako sari banaketa, Portaleburu aretoan.
  • 22:00. Enaitz eta Erkiziren erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak segituko du.

Bihar, Kuadrillen Eguna:

  • 11:00. XXII. Kaleko atletismo erakustaldia, Xeyeren eskutik.
  • 12:00. UK03 txaranga, kalez kale.
  • 12:30. Kuadrillen arteko jolasak txosnagunean.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kalez kale.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezena, Plazaberrin.
  • 19:00. Kontzertuak txosnagunean: 48280, Rungos, Check Boyz eta Ezohi.
  • 19:30. UK03 txaranga.
  • 21:30. Tapia eta Leturiaren kontzertua, plazan.
  • Ondoren, suzko zezena, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.
Abuztuak 19 eta 20, asteartea eta asteazkena:

  • 22:00. XIII. Andremari Idi Dema Saria, Gurea frontoian.

(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Azkoitiko Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide