Giro ederra eta beroa, berrikuntzaz betetako Martirietako Igoeran

Maialen Etxaniz-Ane Olaizola 2025ko uzt. 5a, 16:00

Estreinakoz egin duten korrikako probarekin hasi dute aurtengo igoera 10:00etan. Guztira, 47 lagunek osatu dute korrikako proba, eta gizonetan Aitor Mimenza nagusitu da. Emakumeetan, berriz, Adirane Peñagarikanok jantzi du txapela. Txirrindularitzako lasterketa estu joan da, eta azken metroetan lortu du lehen postua Eñaut Eizagirre zarauztarrak. Emakumeetan Haizea Ribera azkoitiarrak jantzi du txapela. Goizeko irudiekin eta adierazpenekin osatutako bideoa da hau. 

Eguzki galgatan eta herritar ugariren animopean jokatu dute Jokin Ormaetxearen omenezko Martirietako Igoera Azkoitian, aldaketa ugarirekin. Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak eta Azkoitri triatloi taldeak hilabetez aurreratu dute lasterketa, eta aurten, txirrindularitzakoa ez ezik, korrikako proba ere prestatu dute.  

Estreinakoz egin duten korrikako probarekin hasi dute aurtengo igoera 10:00etan. Guztira, 47 lagunek osatu dute korrikako proba, eta gizonetan Aitor Mimenza nagusitu da. Azpeitiarrek osatu dute gizonen podiuma; izan ere, Mimenzarekin batera, Xabar Manzisidorrek eta Oier Etxeberriak osatu dute podiuma. Manzisidor bigarren sailkatu da eta Etxeberria bigarren.  

Emakumeetan, berriz, Adirane Peñagarikanok jantzi du txapela. Haren atzetik sailkatu dira Maite Beregaña eta Maite Diaz de Zerio azkoitiarra, hurrenez hurren. Mimenza nahiz Peñagarikano gustura agertu dira egindako denborarekin nahiz proban izandako giroarekin. Mimenzak, gainera, korrikako proba ez ezik, txirrindularitzakoa ere jokatu du.  

Txirrindularien artean, Eñaut Eizagirre zarauztarra (0.11.45) eta Haizea Ribera azkoitiarra (0.15.45) izan dira helmugaratzen aurrenak. Eta haiek ere sentipen onekin bukatu dute proba. Txirrindularitzako lasterketan, gizonen arteko lehia estua ikusi ahal izan da, azken metroak ia batera egin dituztelako podiuma osatu duten Eizagirrek, Javier Goitiak eta Oier Ibarguren azpeitiarrak. Bi horiek batera helmugaratu dira. Emakumeetan, aldiz, azkoitiarrek osatu dute podiuma: Amaia Aizpuruk bigarren egin du eta Nahikari Oriak hirugarren. Guztira, 69 txirrindulari lehiatu dira lasterketa horretan. Beste urte batez, eta berrikuntzak berrikuntza, giro paregabea sortu da Martirietako igoeran.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide