Uda sasoiko giroan eta herritar ugariren animopean jokatu dute gaur, larunbata, Martirietako Igoera Azkoitian, aldaketa ugarirekin. Izan ere, Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak eta Azkoitri triatloi taldeak hilabetez aurreratu dute lasterketa, eta aurten, txirrindularitzakoa ez ezik, korrikako proba ere prestatu dute horiek. Hain zuzen, estreinakoz egin duten korrikako probarekin hasi dute 3,7 kilometroko eta %8,4ko pendiza zituen ibilbideko lasterketa, eta Aitor Mimenza azpeitiarra nagusitu da (0.15.49) gizonetan; emakumeetan, berriz, Adirane Peñagarikanok jantzi du txapela (0.20.03). Txirrindularien artean, bestalde, Eñaut Eizagirre zarauztarra (0.11.45) eta Haizea Ribera azkoitiarra (0.15.45) izan dira helmugaratzen aurrenak.
47 lagunek osatu dute korrikako proba, eta gizonetan, azpeitiarrak izan dira garaile, Mimenzarekin batera, Xabar Manzisidorrek (0.16.16) eta Oier Etxeberriak (0.16.33) osatu baitute podiuma. Emakumeetan, berriz, Peñagarikanoren atzetik sailkatu dira Maite Beregaña (0.21.21) eta Maite Diaz de Zerio azkoitiarra (0.23.36), hurrenez hurren.
Txirrindularitzako lasterketan, bestalde, lehia estua ikusi ahal izan da gizonen artean, eta azken metroak ia batera egin dituztelako podiuma osatu duten Eizagirrek, Javier Goitiak eta Oier Ibarguren azpeitiarrak (0.12.04) . Bi horiek batera helmugaratu dira. Emakumeetan, aldiz, azkoitiarrek osatu dute podiuma: Amaia Aizpuruk bigarren egin du (0.19.55) eta Nahikari Oriak hirugarren (0.21.01). Guztira, 69 txirrindulari lehiatu dira lasterketa horretan.