Errekor berriak ezarri dituzte Bingen Aranbarrik eta Jone Zabaletak Erlojupeko Kilometroa proban

Andoni Elduaien - Ihintza Elustondo 2024ko mai. 12a, 12:16

Aranbarrik 2 minutu eta 23 segundo behar izan zituen Altzibarko biribilgunetik Plazaberriko iturriaren parera iristeko, eta Zabaletak 2 minutu eta 54 segundo. Bi korrikalariek errekor berriak ezarri zituzten duela hamar urteko denborak hobetuta.

Bingen Aranbarri eta Jone Zabaleta korrikalari azkoitiarrek irabazi zuten atzo Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeak antolatutako Erlojupeko Kilometroa proba. Altzibar etorbideko biribilgunean hasi eta Plazaberriko iturriaren parean amaituta osatu behar izan zuten korrikalariek kilometroa. Guztira, 24 lagunek parte hartu zuten erlojupekoan, eta zenbait helburu zehaztu zituzten: batetik, banaka, duela hamar urteko denborak hobetzea, eta bestetik, parte hartzaile guztietatik hamalauk denbora hiru minututik jaistea. Asmoak erdizka bete zituzten.

Banakakoan, irabazleek lortu zuten denborak hobetzea eta errekor berriak ezartzea. Aranbarrik, esaterako, Jon Perezek duela hamar urte ezarri zuen 2 minutu eta 35 segundoko denbora hamabi segundoan hobetu zuen. Zabaletak, berriz, 2 minutu eta 54 bost segundoan osatu zuen bidea, lana duela hamar urte baino bost segundo lehenago eginez.

Kolektiboki aurreikusitako helburua, ordea, ez zuten lortu korrikalariek, 24 korrikalaritatik hamarrek lotu baitzuten bidea hiru minuturen azpitik. Hala eta guztiz ere, maila aparta erakutsi zuten bai Xeye taldeko kideek bai norbanako bezala parte hartu zutenek.

Lasterketaren amaieran, Aranbarri eta Zabaleta oso pozik azaldu ziren lasterketa irabazi zutelako, baina bereziki, errekor berriak ezarri zituztelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide