Bingen Aranbarrik eta Jone Zabaletak irabazi dute Erlojupeko Kilometroa

Ihintza Elustondo 2024ko mai. 12a, 09:54

Hamar urteko etenaren ostean, Erlojupeko Kilometroa kirol proba jokatu dute, Xeye atletismo taldeak antolatuta. Guztira, 24 korrikalarik parte hartu dute, eta 2014ko markak hautsi dituzte, bai gizonetan, bai emakumeetan. Hamar lagunek lortu dute hiru minutuko denbora gainditzea.

"Herrian saltsa" jartzeko asmoz egin zuten atzo, larunbatez, hamar urteko etenaren ostean, Erlojupeko Kilometroa, Xeye atletismo taldeak antolatuta. Bi ataletan banatu zuten kirol proba. Lehenik, Xeyeko 12 eta 14 urte arteko gazteek erakustaldia egin zuten; 400 metroko ibilbidea osatu zuten, 17:00etan hasita. Honako ibilbide hau egin zuten: Donibane okindegiaren paretik abiatu ziren, eta Alameda taberna zenaren parean amaitu zuten bidea, Plazaberrin. Haien ostean, gainontzeko partaide guztien txanda izan zen; 18:15ean hasita, Altzibarko biribilgunetik abiatu ziren, eta gaztetxoen leku berean izan zuten helmuga.

Guztira, 24 korrikalarik parte hartu zuten atzoko proban, eta duela hamar urteko markak hautsi zituzten, bai gizonetan, bai emakumeetan. Gizonetan, Bingen Aranbarri izan zen azkarrena; bi minutu eta 23 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. 2014an Jon Perezek egin zuen denborarik onena, Pedro Muñozi ehunenen batzuengatik aurrea hartuta; bi horiek bi minutu eta 35 segundo behar izan zituzten kilometroa egiteko. Beraz, hamabi segundoan hobetu zuen Aranbarrik duela hamar urteko marka.

Emakumeetan, berriz, Jone Zabaletarena zen duela hamar urteko markarik onena; bi minutu eta 59 segundo behar izan zituen hark 2014an kilometroa egiteko, eta atzo ere bera izan zen emakumeetan azkarrena, baina bost segundo gutxiago behar izan zituen bidea osatzeko; bi minutu eta 54 segundoko denbora egin zuen.

Erronka gainditu gabe

Duela hamar urte, hamalau lagunek lortu zuten kilometroa hiru minutuan baino gutxiagoan osatzea, eta Xeyeren erronka horixe zen aurtengoan: hamalau lagunek ezetz egin hiru minuturen azpitik kilometroa. Bederatzi gizonek eta Zabaletak lortu zuten denbora hori gainditzea; guztira, beraz, hamar lagunek. Horrenbestez, hurrengo urtean berriro bota beharko dute erronka.

Korrikalariak minutu bateko aldearekin abiatu ziren Altzibarko biribilgunetik, eta guztiak helmugara iritsi eta denborak neurtzean, sari banaketa ekitaldia egin zuten, Plazaberrin bertan. Hainbat zozketa ere gauzatu zituzten.

Sailkapena

Gizonetan:

1. Bingen Aranbarri: 2:31:11

2. Jokin Maiz: 2:36:75

3. Mikel Zabala: 2:47:12

Emakumeetan:

1. Jone Zabaleta: 2:54:35

2. Ane Bosch: 3:07:15

3. Amaia Azkoitia: 3:14:91

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide