Hasi dituzte Aizarnazabalgo plaza berritzeko lanak

Aitziber Arzallus

Aizarnazabalgo plaza hesituta, eraberritze lanak direla eta. (Intza Trula)

Udalaren aurreikuspenen arabera, bederatzi hilabete beharko dituzte lanak bukatzeko, eta herritarrei pazientzia izateko eskatu die jakitun baita lanek haien egunerokoan eragozpenak sortuko dituztela. 

Abian dira Aizarnazabalgo plaza berritzeko lanak. Herriko jaiak bukatu arte zain egon dira hasteko, baina behin horiek bukatuta, berehala ekin diete lanei, luze joko baitute. Hain zuzen ere, udalaren aurreikuspenen arabera, bederatzi hilabete beharko dituzte plaza berregokitzeko eta bolatokia estaltzeko. Udala jakitun da obra horiek eragozpenak sortuko dituztela herritarren egunerokoan, eta pazientzia izateko eskatu die, eta baita aldez aurretik eskerrak eman ere.  

Aizarnazabalgo plaza berritzeko asmoa ez da oraingo kontua, ezta hori herritarrekin adostuta egiteko nahia ere. Lehen saiakerak huts egin ostean, duela bi urte ekin zioten bigarren saiakerari, eta egunetan hasi dituzten lanak prozesu horren arrakastaren erakusle dira. Herritarrengandik jasotako proposamenak aintzat hartuta, Enea arkitektura estudioa arduratu zen proiektua diseinatzeaz, eta iazko martxoan aurkeztu zuten herritarren aurrean.

Datozen bederatzi hilabeteetan aldaketa esanguratsuak egingo dituzte herriko plazan, Mari Karmen Arregi alkateak bere garaian adierazi zuenez, "herritarrei protagonismoa emateko eta oinezkoari lehentasuna". Dena dela, plaza ez dute guztiz oinezkoentzat jarriko, herrirako sarbide nagusia haren ondotik igarotzen denez, "ezinezkoa" delako ibilgailuen joan-etorria debekatzea. Hori bai, oinezkoari garrantzia eman nahian, ibilgailuak abiadura txikian joatera behartzen duen lurzorua jarriko dute. Bertako hainbat zuhaitz ere landatuko dituzte, eta modu horretara ere mugatzeko errepide zatia.

Horrez gain, estalpe bat ere egingo dute plazaren zati batean; udaletxearen aurreko bi pinu handien eta bolatokiaren eremuan, hain zuzen. Aterpe horrek dema plazaren zatia ere hartuko du, eta ondoan dagoen pilotalekuaren frontisaren ia pareraino iritsiko da, ondoko etxebizitzei tartea uzteko. Ura naturalki drainatzeko modua ere jarriko dute zelaitxoan, egun ez bezala, lurrak xurga dezan ura.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide