Aizarnazabalen eraberrituko duten plazak herritarrak izango ditu "protagonista"

Ane Olaizola 2025ko mar. 10a, 14:57

Aizarnazabalgo plaza eraberrituaren maketa. (Aizarnazabalgo Udala)

Herritarren ekarpenak aztertu ondoren, Aizarnazabalgo plaza eraberritzeko proiektuaren emaitza aurkeztu zuen ostegunean Enea estudioak, eta udalak ez ezik, ontzat jo zuten han elkartu zirenek. Besteak beste, ibilgailuak abiadura txikian joatera behartzen duen lurzorua jarri eta aterpea egingo dute.

Herriko plaza eraberritzeko Aizarnazabalgo Udalak esku artean duen proiektua aurkezteko bilera egin zuen joan zen ostegunean erakundeak herritarrekin batera, eta plazak zer itxura hartuko duen eta zer ezaugarri izango dituen azaldu zuen Enea arkitektura estudioak, proiektua garatzeko ardura duen enpresak. Hain zuzen, azken hilabeteetan herritarrengandik jasotako ekarpenak aztertu ondoren, Eneak diseinatu duen proiektuaren emaitza jaso ahal izan zuten aizarnazabaldarrek saio horretan. Mari Karmen Arregi alkatearen hitzetan, plazak dituen eremu desberdinak "ondo definituta" geratuko dira esku hartzearen ondoren, eta eraberritzeak honako helburu nagusia izango du: herritarrei protagonismoa ematea.

Diseinatu duten proiektuak oinezkoari eman nahi dio lehentasuna. Horretarako, plaza ez dute guztiz oinezkoentzat jarriko, herrirako sarbide nagusia haren ondotik igarotzen denez, "ezinezkoa" delako ibilgailuen joan-etorria han debekatzea. Ordea, oinezkoari garrantzia eman nahian, ibilgailuak abiadura txikian joatera behartzen duen lurzorua jarriko dute. Horrez gain, bertako hainbat zuhaitz landatuko dituzte, eta modu horretara ere mugatuko dute errepide zatia, "ingurumenari garrantzia" emateaz gain.

Estalpe bat ere egingo dute plazaren zati batean; udaletxearen aurreko bi pinu handien eta bolatokiaren eremuan, hain zuzen. Alkateak jakinarazi du zuhaitz horiek bota egingo dituztela estalpea egin ahal izateko, pinuak, gainera, prozesionariez (pinu harra) beteta daudela arrazoituta. Aterpe horrek dema plazaren zatia ere hartuko du, eta ondoan dagoen pilotalekuaren frontisaren ia pareraino iritsiko da, ondoko etxebizitzei tartea uzteko. Han, beste zuhaitz batzuk landatuko dituzte.

Bestalde, ura naturalki drainatzeko modua ere jarriko dute zelaitxoan, egun ez bezala, lurrak xurga dezan ura. "Metodo horrekin, uholdeak saihesteko saiakera egingo dugu", esan du alkateak.

Aparkalekuak "aztergai"

Egun, hamar ibilgailu aparkatzeko lekua dago Aizarnazabalgo plazan, eta hura eraberritzen dutenean hiru aparkalekura murriztuko dute gunea. Hain zuzen, hark azaldu du herritar batzuei "kezka" eragin diela horrek, baina azpimarratu proiektuaren funtsa dela plazari eta herritarrei "garrantzia" ematea. "Ondoren, udalean aztertuko dugu aparkalekuen gaia, eta ikusiko dugu beste nonbaiten ordezka al ditzakegun edo gehiago jartzeko modurik ba al dagoen. Baina hori beste lanketa bat izango da".

Eneak diseinatu duen proiektuarekin egingo du aurrera udalak, alkateak azaldu duenez. Hogeita hamar bat lagun elkartu ziren ostegunean Lauburun, eta alkateak adierazi du haiek begi onez jo zutela Eneak aurkeztu zuen proposamena. Hori horrela izanda, udalaren asmoa da proiektua datorren urteko aurrekontuetan txertatzea, eta haren aurreikuspenen arabera, datorren urtean esleitzea.

Plazaren proiektuari buruzko osteguneko bilera (Aizarnazabalgo Udala).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide