Aizarnazabalen herriko plazaren proiektuaz partaidetza bilera egingo dute abenduaren 19an

Nerea Uranga 2024ko abe. 13a, 08:08

Aizarnazabalgo herriko plaza. (Intza Trula)

Aizarnazabalgo herriko plazaren eraberritzearen inguruan jardungo dute, hilaren 19ko bileran, eta ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi du udalak. Plazarako proiektua osatzeko prozesuaren parte da batzar hori.

Aizarnazabalgo plaza eraberritu nahi du udalak, eta proiektu hori gauzatzeko herritarrek ere parte hartzea nahi du erakundeak. Ez da oraingo kontua herriko plaza eraberritzeko asmoarena, aurrez aukera bat baino gehiago aztertu, parte hartze bilerak egin eta bi aukeraren arteko bozketa ere gauzatu izan baititu udalak herritarrekin. Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak adierazi duenez, herriko plazaren eraberritzea adosteko eta erabakitzeko "bigarren saiakera" da orain hasiko dutena, eta nahiko lukete prozesuan "ahalik eta herritar gehienek" parte hartzea. "Garrantzizkoa da herritarrek parte hartzea, eta horrela izatea espero dugu", adierazi du.

Herriko plazaren proiektuaz bilera deitu du udalak abenduaren 19rako, Lauburuko proiekzio gelan. 18:00etan hasiko da saioa. Proiektua garatzeko bigarren saiakerarako kanpoko enpresa batengana jotzea erabaki zuen udalak, eta lehiaketara atera zuen lizitazioa. Enea arkitektura estudioak irabazi zuen lehiaketa, eta horrek datorren osteguneko bileran azalduko ditu egitasmoak izango dituen bi faseak: lehen fasean, herritarrekin bildu eta proiektua osatzeko informazioa jasoko dute; bigarren fasean, berriz, proiektua idatziko dute, aurretik jasotako informazioa eta irizpideak aztertuz.

"Herriaren bihotza"

Herriko plaza "herriaren bihotza" dela esan du Aizarnazabalgo alkateak. "Herritarrentzako garrantzitsua da herriko plaza, azken batean bertan egiten delako dena: asteroko azoka, sagardo txapelketa, idi probak, Jan Sano eta Bizi Pozik azoka, sanmigeletako ekintza nagusiak... Herriaren erdigunea da. Beraz, garrantzitsua da herritarrek erabakitzea nolakoa izatea nahi duten herriko plaza eta horretarako prozesuan parte hartzea. Hala ere, egiten diren proposamenak herriaren izaerarekin eta aukerekin koherenteak izatea komeni da", azpimarratu du Arregik. Alkateak azaldu duenez, aukeren artean dago plaza pixka bat estaltzea, baina "euri urak jasotzeko" daude herriko plazaren eremuan; izan ere, horretarako lanak egin gabe daude. "Behin proiektua osatutakoan, ez dakit guztia fase bakarrean egiteko aukera izango den. Gero ikusi beharko dugu hori", aurreratu du Arregik.

Urteetako prozesua

Plaza nola eraberritu erabakitzeko bigarren saiakera prozesua hasiko dute orain, baina sei urtetik gorako ibilbidea du udalaren asmo horrek. 2018an eta 2022an gaiaz bi parte hartze bilera egin zituen udalak herritarrekin eta herriko eragileekin, eta batzar horietan "informazioa jaso eta irizpide garbi batzuk" jarri zituzten. Bileretan Aizarnazabalgo udal arkitektoak ere parte hartu zuen.

Behin bileretan informazioa jaso ondoren, udal arkitektoak herriko plazarako bi aukera osatu zituen, eta udalak bien artean bat aukeratzeko bozketa egin zuen herritarrekin. "Bozketak, ordea, parte hartze txikia izan zuen. Gainera, aukeratutako proiektua ez zen gehiegi gustatu. Ondorioz, jendea kexatu egin zen. Hori guztia ikusita, saiakera berria egitea eta prozesuaz arduratzeko udaletik kanpora jotzea erabaki genuen".

Ostegunean dute aizarnazabaldarrek hitzordua herriaren erdiguneaz beren alea jartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide